Politika -
Diputatuen Kongresua
EAJk, EH Bilduk eta beste zazpi alderdik politikarien espioitza ikertzea eskatu dute
Eskaria erregistratu dute Diputatuen Kongresuan, horren gaineko ikerketa-batzordea sor dezaten.
Agentziak | Erredakzioa
EAJk, EH Bilduk, Unidas Podemosek, ERCk, Juntsek, CUPek, BNGk, Mas Paisek eta Compromisek eskaria erregistratu dute asteazken honetan, Diputatuen Kongresuan politikariei egindako espioitzaren gaineko ikerketa-batzordea sor dezaten; hain zuzen ere, eskaria da ikertzea "Estatuko egitura publikoen aldetik, zenbait lider politikori eta banako hainbat herritarri egindako espioitza eta pribatutasunean sartzea". Estatuko egitura publiko horiei, modu arruntean, "Estatuko estoldak" deitu diete.
Hain zuzen ere, asteartean eman zuten Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteari ustez egindako espioitzaren berri, eta biharamunean erregistratu dute eskaria. Unidas Podemosek, bestalde, esana zuen asmoa zuela Kongresuan bultzatzeko, "Estatuko estoldak" izenekoen auzia sakonean ikertzea helburu; 'Villarejo auzia'rekin lotutako informazioak zituen hizpide Unidas Podemosek, hori iragarri zuenean.
Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Unidas Podemoseko liderrak duela bi aste iragarri zuen ekimen hau; izan ere, PPk, Ciudadanosek eta Voxek Iglesiasen agerraldia eskatu zuten, 'Villarejo auzia'ren 'Dina' piezan kaltetuaren egoera galduta. Pieza horretan, Dina Bousselham Iglesiasen aholkulari ohiaren mugikorraren lapurreta ikertzen ari dira.
Kongresuko Mahaiak Iglesiasek agerraldia egiteko eskaera horiek geldiarazi zituen, PSOEren eta Unidas Podemosen botoen bidez; izan ere, argudiatu zuten kontu “pribatua” dela, parlamentu-kontrolik zertan izan ez duena.
Bere garaian Iglesiasek ziurtatu zuenez, Kongresuan agerraldia egitekotan, "Estatuko estolden" funtzionamenduaren gaineko beste ikerketa-batzorde baten barnean izan behako litzateke. Batzorde horretan, hainbat kazetarik eta politikarik egin beharko lukete agerraldia; besteak beste, Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiak, edo Soraya Saenz de Santamaria haren presidenteorde ohiak. Biak Espainiako Gobernuan zeudela, "PPk polizia- eta komunikabide-estolda sortu zuen, aurkari politikoei aipua kentzeko".
Azkenean, Unidas Podemosek asteazken honetan egin du eskaria formala, arestian aipatutako alderdi nazionalista eta independentistekin batera; idazkiaren hasieran, astearte honetan El Pais eta The Guardian egunkariek agerian jarritako Torrenten kasua nabarmendu dute.
Halaber, zehaztu dute "gauza jakina dela" egungo presidenteordeari, "bai eta enpresa-munduko ehunka pertsona ospetsuri ere", legez kanpoko jarraipena, espioitza eta monitorizazioa egin dietela "Departamentu publikoekin lotutako zenbait pertsonak".