Politika -
Guardia Zibilaren txostenak
Altsasuko parodiaren aurka ekitea aztertuko du Fiskaltzak
Guardia Zibilaren txostenak behin aztertuta, bideoan parte hartu zuten pertsonen aurka kereila bat aurkeztu edo ez erabakiko du Ministerio Publikoak.
Erredakzioa
Guardia Zibila egiten ari den txostenak aztertuko ditu Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Altsasuko desfilearen antolatzaileen aurka ekin ala ez erabakitzeko. Parodia irailaren 3an egin zuten eta Juan Carlos Erregea eta Estatuko Segurtasun Indarrak naziekin lotu zituzten.
Estatuko Fiskaltza Nagusiko iturriek azaldu dutenez, Guardia Zibilaren txostenak behin aztertuta, bideoan parte hartu zuten pertsonen aurka kereila bat aurkeztu edo ez erabakiko du Ministerio Publikoak.
Nafarroako Gobernuak Altsasuko bideoaren atzetik nor dagoen ikertuko duela iragarri du gaur. Bideoan, Erregearen eta Segurtasun Indarren parodia egiten dute, Altsasun "polizia gehiegi" dagoela salatzeko. Altsasun Bilduk gobernatzen du.
Erregea, Guardia Zibila, foruzaingoa, falangistak eta naziak antzeztu zituzten irailaren 3an grabatutako bideoan. Antzezlana Youtuben eskegi dute egileek, eta Nafarroako Gobernua Altsasun gertatutakoaren atzetik dagoela iragarri du.
Franciso Caamaño Espainiako Gobernuko Justizia ministroak Bilduko agintari "batzuen" jarrera kritikatu du, eta Altsasuko antzerkia ikertu egingo dutela gaineratu du. Legea urratu dutela frogatzen bada auzitegietara joko dutela adierazu du Caamañok.
Nafarroako Gobernuak ere esan du gertatutakoa ikertzen ari dela, eta interneten zintzilikatutako bideoa nork egin duten aztertzen ari dela. Bideoa berehala kentzeko exijituko du Gobernuak.
"Estatuko oinarrizko erakundeen irudia zikindu" zuen ekitaldia salatu du PSNk.
Bestalde, PSOE ekitaldiaren "erabat aurka" azaldu da, eta Bilduren kontra judizialki ekiteko erabakia hartzea Fiskaltzari dagokiola gogorarazi du.
Bestalde, Manos Limpias sindikatuak Altsasuko alkatearen aurkako salaketa aurkeztu du, parodioaren "laguntzailea" izatea leporatuta.