Politika -
Bilera-sorta
EH Bilduk eta UGTk lehen bilera ofiziala egin dute
Datozen egunetan EH Bildu bilera gehiago egingo dute Podemos Euskadirekin eta ELA, LAB eta CCOO sindikatuekin, "iritziak konpartitzeko eta krisiari irtenbidea ezkerretik emateko" asmoz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduk UGTrekin hasi du uztailaren 12ko EAEko hauteskundeen ondoren iragarri zuen eragile sozial eta politikoekin harremanetan jartzeko bilera erronda, Bilbon.
Koalizio soberanistak ohar batean zehaztu duenez, lehen bilera horren ostean, datozen egunetan Podemos Euskadi eta ELA, LAB eta CCOO sindikatuekin batzartuko da, "egoeraren diagnostikoak kontrastatzeko eta momentuak eskatzen dituen erantzunak partekatzeko".
Gainera, diagnostiko horiek konpartitzeko PSE-EErekin ere "komunikazio bideak irekita" dituztela iragarri du.
Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak gogorarazi duenez, "krisi hirukoitz baten aurrean gaude, osasun, ekonomia eta gizarte arlokoa", eta "egoera honetan, elkarlana ezinbesteko baldintza da krisia arrakastaz gainditzeko".
"EH Bilduren jarrera erabatekoa da diagnostiko ezberdinak kontrastatzeko eta erantzunak adosteko, beti ere oso argi izanda irteera ezkerretik etorriko dela, herrialdean gehiengoa garen indar aurrerakoien eskutik", azpimarratu du.
Hausnarketa horretatik abiatuta, Arnaldo Otegik, Unai Urruzunok eta Iriartek osatutako EH Bilduren ordezkaritza batek egingo du bilera erronda.
Lehen bilera ofiziala UGTrekin
Lehendabiziko bilera UGT-Euskadi sindikatuarekin egin dute gaur goizean. Raul Arza sindikatu horretako idazkari nagusiak egin die harrera EH Bilduko bozeramaileei. Batzarra amaitu ostean, Arnaldo Otegik esan du "lehendabiziko bilera ofiziala" izan dela gaurkoa eta horregatik esker ona adierazi die UGTko arduradunei. Ordubete eta erdiz "luze eta zabal" hitz egiteko aukera izan dutela erantsi du.
"Bilera-sorta honen helburua herri honetako eragile sindikalei entzutea eta COVID-19ak eragin du osasun krisia eta krisi sozioekonomikoari buruz egiten dugun diagnostikoa konpartitzea da", azaldu du Otegik.
Aurrerantzean EH Bildu UGTrekin biltzea "normala eta ohikoa" izatea espero duela esan du, "hori baita alternatiba progresista eraikitzeko bidea".
(Arnaldo Otegi, Raul Arza, Maddalen Iriarte eta Unai Urruzuno. Argazkia: EFE)
Alternabita posible de berretsita, PSE-EEri begiratu dio Otegik
EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritza berria osatzeko hasi berri duten negoziazioaren harira, Otegik berretsi egin du "alternatiba ezberdinak" badaudela eta aukera bakarra ez dela aurreko legealdiko ituna errepikatzea.
Ildo horretan, Idoia Mendia buruzagi sozialistari zuzendu zaio: "Gainera datorkigun krisi ekonomiko eta soziala kontuan hartuta, Gobernu neoliberala eratzeko giltza EAJri emango dion eta ezkerreko alternatiba progresistarekin bat egingo duen erabaki behar du".
"Ezkerreko alderdiok 37 eserleku ditugu Legebiltzarrean, eta eskuinak 38 ditu Voxekin, baina ez dugu uste EAJk Voxekin ituna egingo duenik", adierazi du Otegik.
"Ezkerrean 37 gara eta EAJk 31 ditu. Beraz, ezkerra alboratu nahi badu, PPrekin eta Voxekin batu beharko da", ohartarazi du.
Gauzak horrela, "pertsonak babesteko ezkutua" sortu nahi dutenekin bat egiteko deia egin dio EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Mendiari.