Politika -
Bateragune
Otegi zigortzeak 'bakearen bidean laguntzen du” Conde-Pumpidoren ustez
ETA deseginda balego Auzitegi Nazionalaren interpretazioa ezberdina izango zela eman du aditzera Estatuko fiskalburuak.
Erredakzioa
Estatuko fiskalburuak, Candido Conde-Pumpidok, uste du Arnaldo Otegiri ezarri dioten 10 urteko kartzela-zigorra "egokia" dela. ETAko kide izatea leporatu diote, Bateraguneren bitartez, Batasuna berregituratzen saiatzeagatik, eta sententzia honek Euskadin "bakearen bidean laguntzen" duela esan du.
Epai honek euskal prozesu politikoan "ez du distortsiorik ezartzen" esan du Ser irrati katean Conde-Pumpidok, Bilduren jarrera, zigor hau traba besterik ez dela dioen jarrera, ukatuz. "Ez da epai politikoa, juridikoa baizik", azpimarratu du Estatuko fiskalburuak.
ETA deseginda egongo balitz, Audientzia Nazionalaren interpretazioa ezberdina izan litekeela eman du aditzera.
Bere ustez, Batasunak ETA desegitea eskatu izan balu edo ETAk armak utzi izan balitu, "zalantzarik gabe", "balorazio bat egotea eta horrek eragina izatea ekar litzake". "Baina gertatu ez denez, juridikoki ETA mehatxu iraunkorra da eta bere agintariak kondenatu egin behar dira".
ETA desagertutakoan, banda armatuarekin elkarlanean aritzegatik egindako egozpenek "garrantzia galduko dute", haren esanetan, eta, orduan, kondenatuekin neurri zabalagoak egon litezkeela gaineratu du. "Une horretan, behar diren erabakiak hartuko ditu dagoen gobernuak", adierazi du.
"Une politiko, mediatiko eta juridikoak" ezberdinak direla onartu du, baina Otegi eta Diez Usabiagari egozten zaizkien kausak, ETAren hitzartzearekin batera Batasuna berregituratzen saiatzea, soilik orain dela bi urte gertatu zirela esan du. Biolentziaren amaiera terroristak "moralki, legalki eta materialki bukatuta daudela ohartzen direnean" iritsiko dela esan du Conde-Pumpidok. "Legearen zorroztasunak eraman du hilzorira ETA".