Politika -
Sestaoko istiluak
Segurtasun sailburuaren eta Sare Antifaxistaren aurkako Voxen salaketak, artxibatuta
Sestaon ekainaren 26an izandako istiluen harira jarri zituen Vox alderdiak bi salaketa horiek, Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoan jasotako delituak izan zitezkeela iritzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estefania Beltran de Herediaren eta Sare Antifaxistaren aurka Voxek ezarritako salaketak artxibatu ditu Barakaldoko Instrukzioko Epaitegiak. Hain zuzen ere, Sestaon ekainaren 26an Voxek emandako mitin batean gertatutako istiluengatik jarri zituen aipatu alderdiak bi salaketa horiek. Protestetan edukiontziak erre eta arriskutsuak omen ziren objektuak jaurti zituzten antifaxistek.
Gainera, Rocio de Meer Voxeko diputatuari zauri bat egin zioten ezkerreko bekainean, harri bat jaurtita.
Horregatik guztiagatik, Estefenia Beltran de Heredia eta Sare Antifaxista salatu zituen Voxek, gertakari horiek Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoan jasotako delituak izan zitezkeela argudiatuta, besteak beste, heriotza mehatxuekin, irainekin eta gorroto delituarekin zerikusia zutelakoan.
Salaketa artxibatuta geratu da, ordea. Izan ere, epailearen iritziz, Sare Antifaxistak ez zituen antifaxistak delituak egitera bultzatu.
Segurtasun sailburuaren kontra ezarritako salaketari dagokionez, epaiak zera dio: "Autonomia Estatutuaren 32. artikuluaren arabera, Gobernuak politikoki erantzun zien bere ekintzei, modu solidarioan eta exekutiboa osatzen duen kideei zuzenean kalterik egin gabe".