Itxi

Politika

Katalunia

"Proces"ean izan zuen esku-hartzearen agirietarako sarbidea eman du Urkulluk

Agentzia | Erredakzioa

Azken asteetan bereziki, dokumentuak “kontsultatzeko eskaerak” jasotzen ari dela azaldu du jarduneko lehendakariak. Guztira, 300 bat ohartxo dira.

  • Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria. Artxiboko argazkia: EFE

    Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria. Artxiboko argazkia: EFE

Kataluniako prozesuan egin zuen bitartekari lana ezagutzeko, agirietarako sarbidea eman du Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak. Dokumentuak, besteak beste, gutunak, posta elektronikoak eta oharrak dira.

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Artxibo Historikoari, Sabino Arana Fundazioari eta Poblet Monasterioari gutunak bidali dizkie igande honetan; izan ere, dokumentuak bertan daude. Agiriak kontsultatzeko baimena eman du EAEko Exekutiboak.

2019ko otsailaren 27an, Auzitegi Gorenean lekuko gisa deklaratzeko bezperan, “Kataluniako ‘proces’ean izandako parte-hartzearen” inguruko dokumentazio guztiaren kopia bat bidali zuela gogorarazi du jarduneko lehendakariak gutunean. Hala ere, dokumentazioa beranduago osatu zuen, 2020ko urtarrilaren 21ean, hain zuzen ere.

300 bat ohar

Azken asteetan bereziki, dokumentuak “kontsultatzeko eskaerak” jasotzen ari dela azaldu du Urkulluk. Guztira, 300 bat ohartxo dira. Horregatik, uztailaren 23tik aurrera kontsultatzeko baimena ematea “egokiena” zela uste du.

Horrela, “ekarpen propioen” dokumentuak “askatasunez” kontsultatzea posible izango da; ez, ordea, bileren eta beste pertsona batzuekin izandako harremanen inguruko informazioa. Azken horiek kontsultatzeko, “espresuki” hirugarren pertsona horien “baimena” beharko dute eskatzaileek.

Besteak beste, Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiarekin, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiarekin, Santi Vila kontseilariarekin, enpresaburuekin eta Elizako ordezkariekin izandako harremanak jasotzen dituzte agiriek.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena