Politika -
Behin betiko
Terrorismoaren Biktimen Legea aho batez onartu du Senatuak
Testua legealdiko azken saioan onartu dute. Kalte-ordainen taula berri bat ezartzen du arauak eta 1960tik atzeraeraginezko ondorioak izango ditu.
Erredakzioa
Terrorismoaren biktimen legea behin betiko eta aho batez onartu du Senatuak. ETAren "baldintzarik eta ordainik gabeko" porrota bilatzeko konpromisoa hartzen du Estatuak legearen bidez. Arauaren tramitazioa duela urte bat baino gehiago hasi zen.
Testua legealdiko azken saioan onartu dute eta ez du Kongresuak berretsi behar, Senatuak aldaketarik sartu ez duelako. Kalte-ordainen taula berri bat ezartzen du arauak eta 1960tik (ETAren aurreneko atentatua) atzeraeraginezko ondorioak izango ditu.
Mehatxatuaren figura lehen aldiz aintzat hartzen da: Erakunde terroristen eskutik "behin eta berriz mehatxu zuzenak" jasotzen dituzten lagunak. Administrazio publikoek "arreta berezia eskaini" behar dietela dio legeak.
Atentatuetan hil edo zauritu diren pertsonen anai-arrebak, aiton-amonak eta bilobak ere terrorismoaren biktimak dira, legearen arabera. Onik ateratako biktimak ere aintzat hartzen ditu arauak.
Gainera, Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentro Nazionala sortzea aurrikusten du legeak. Egoitza Euskadin izango du. Bestalde, ekainaren 27 terrorismoaren biktimak omentzeko eguna finkatzen du.