Politika -
Kontrolerako saioa
Zapateroren eta Rajoyren arteko azken aurrez aurrekoa, Kongresuan
Mariano Rajoyk Moncloan "herentzia pozoitua" utzi izana egotzi dio Zapaterori. Gobernuko presidenteak, berriz, Espainiako etorkizunari begira "konfiantza osoa" duela adierazi du.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearen eta Mariano Rajoy oposizioko buruaren azken aurrez aurrekoa izan da gaur Diputatuen Kongresuan.
Mariano Rajoy PPko presidenteak Moncloan "herentzia pozoitua" utzi izana egotzi dio Zapaterori. Gobernuko presidenteak, berriz, Espainiaren etorkizunari eta krisiari aurre egiteko gaitasunari begira "konfiantza osoa" duela nabarmendu du.
Diputatuen Kongresuan bien artean izan den azken eztabaidan egoera ekonomikoa izan da ardatz nagusia. Zapaterok adierazi duenez, bere Gobernua mundu mailako krisiaren aurka "gogor borrokatu da" eta pertsonalki "azken 80 urteetako krisirik gogorrena" dela eta egun dagoen langabezia tasaren "arduradun" sentitzen dela azpimarratu du.
Horrez gain, Rajoyren kritiken "adeitasuna" eskertu ostean, herritar gehienek "eraso bakarrik ez, konponbideak eskaintzen dituzten liderrak" nahi dituztela esan du. "Hori izango dugu berehalako etorkizunean", azpimarratu du.
Rajoyk, bestalde, Espainia "lurralde handia" dela azpimarratu du eta Zapateroren kudeaketak eragindako akats larriak ikasteko gai den Gobernu bati esker egungo egoera gainditzeko gai izango dela esan du.
Halaber, Exekutiboko presidenteak oposizioko beste galdera batzuei erantzun die kontrolerako azken saioan. Uxue Barkos Nabaiko diputatuak, esaterako, PPk eta PSOEk Konstituzioaren erreforma aurrera eramateko erreferendumaren aukera zergatik baztertu zuten galdetu dio.
Zapateroren esanetan, "ez zen beharrezkoa", eta bere alderdiko diputatuek galdeketa baten eskakizun formala egin ez badute ez dela "barne diziplinagatik" izan, "arduragatik" baizik.
Uxue Barkosek Zapateroren "hitzen balioa" zalantzan geratu dela salatu du, 2004an presidente kargua hartu zuenean "demokrazia zibikoa" bultzatuko zuela hitz eman zuela gogoraraziz.