Politika -

Izango garelako izango gara

EAJk igandean ekingo dio aurrekanpainari, Alderdi Egunarekin

'Izango garelako izango gara' lelopean (Jose Miguel de Barandiaranen hitzak aintzat hartuz), EAJk alderdiaren 34. eguna ospatuko du igande honetan, Forondan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Izango garelako izango gara' lelopean (Jose Miguel de Barandiaranen hitzak aintzat hartuz), EAJk alderdiaren 34. eguna ospatuko du igande honetan, Forondan.

Ekitaldi honen bitartez, aurrekanpainari hasiera emango diote jeltzaleek. Hauteskundeei begira, hiru izango dira EAJren helburu nagusiak: 'Kalkulu politikorik gabeko bakea defendatzea", Euskadi nazio bat dela aldarrikatzea eta krisi ekonomikoari irtenbidea bilatzea.

Belen Greaves EBBko idazkari orokorrak aurkeztu ditu Alderdi Egunari begira prestatutako ekimenak. Urtero bezala, Forondan ospatuko da, eta EAJk 100.000 pertsonatik gora espero ditu.

EAJren aurrekanpaina ekitaldi honekin hasiko da. Hauteskundeei begira, "itxaropen, ilusio, erantzukizun eta seriotasun" mezua bidaliko du EAJk.

Erronkei beldurrik ez diela adierazi du gaur EAJk, "euskal abertzaltasunaren alderdiak". Krisi ekonomikoari irtenbidea aurkitzea izango da EAJren erronka nagusiena, "erantzukizunez jokatuz".

Bigarren erronka bakea eta normalizazioa izango da. Greavesen hitzetan, alor honetan "ezin da kalkulu politikorik egin", bakea "bakea delako", eta "bakearekin ezin garelako jolastu".

Azkenik, Euskadi nazio bat dela aldarrikatuko du EAJk azaroko hauteskundeei begira. "Europa mailan beste nazio bat" dela azpimarratuko dute jeltzaleek eta "estatus politiko baten aldeko lana" bultzatuko dute.

100.000 militantetik gora espero ditu EAJk datorren igandeko ekitaldian. Azken hiru asteetan 100 bat lagun izan dira lanean Forondan, Alderdi Eguna prestatzeko helburuarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea