Politika -
Kartzela berria Araban
Zaballan ez dituzte 'beste erkidegoetan dauden ETAko presoak' hartuko
Mercedes Gallizo Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendariak adierazi duenez, Zaballako zentroan egun Langraizen dauden presoak bakarrik hartuko dituzte.
Erredakzioa
Mercedes Gallizo Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendariak baztertu egin du Arabako kartzela berriaren helburua beste erkidegoetan dauden ETAko presoak hartzea denik. Gallizok ziurtatu du Langraizko espetxean dauden presoak bakarrik hartuko direla Zaballako espetxean, baita bertan preso dauden erakundeko kideak ere.
"Langraizen erakundetik bota dituzten edo bereizi diren ETAko presoak bakarrik daude, beraz erakunde horretatik kanpo dauden pertsonak dira eta zaila da ETAko presoak direla esatea", adierazi du Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendariak Ermuko foroak Arabako kartzela berriko atal batek erakundeko hainbat kide hartuko dituela dioen salaketaren inguruan galdetu ostean.
Zaballako kartzela berriaren inaugurazio ekitaldian izan da Gallizo, Langraizko kartzela ordezkatuko duen eraikinean, eta bertan, Gernikako akordioko kideek ETAko presoekin bilerak izateko egindako eskaeraz ere mintzatu da.
Espetxeetako arduradunak onartu du talde politiko batek "nahi duena egin dezakeela" eta gogorarazi du "Espainiako presoek senideen edota lagunen bisitak jasotzeko eskubidea dutela", baina, "horretarako, finkatutako izapide batzuk jarraitu behar direla".
Lehen presoak, urte bukaerarako
Arabako kartzelako lehen presoak urte bukaera baino lehen helduko dira, datozen asteotan sistemak frogatu eta funtzionariei hezkuntza eman ostean.
Dena den, Nanclareseko kartzelak funtzionamenduan jarraituko du aldi batean, erregimen zabaleko presoak zaintzeko.