Politika -
ESPAINIAKO GOBERNUA
Carmen Calvo: "Errege emerituak ez dio ezeri ihes egiten, ez du inongo kausarik"
Juan Carlos I.a Espainiatik ateratzea erakundearentzat eta Felipe VI.arentzat "gauza ona" dela esan du Espainiako presidenteordeak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Carmen Calvo Espainiako presidenteorde eta Presidentetzako ministroak Juan Carlos I.ak Espainiatik ateratzeko hartutako erabakia izan du hizpide asteazken honetan. "Errege emerituak ez dio ezeri ihes egiten, ez dago inongo kausatan murgilduta", erantzun die kazetariei Oviedon, Podemos bezalako alderdien kritikei buruz galdetu diotenean.
Calvoren hitzetan, Espainiatik irtetea ona da erakundearentzat eta Felipe VI.arentzat "gure herriaren alde egindako lan bikainean, batasuna, koordinazioa eta babesa beharko dituen orainaldi eta etorkizun batean".
Ez du negoziazioari buruzko xehetasunik eman, eta errege emeritua Espainiatik ateratzeko arrazoiak Errege Etxeak argitaratutako gutun batean azalduta daudela esan du. "Gai horretan erabateko argitasuna dago", adierazi du.
"Errege emerituak erabakiaren arrazoiak ematen ditu, eta Felipe VI.ak ulertu egiten ditu; ez du aldaketarik esan nahi estatuko buruzagitzan, hori baita garrantzitsuena", esan du.
Espainiako Gobernua "lan konstituzionalean" ari da, Espainiako Erregearekin "lankidetza onean". Espainiako monarkiarekin amaitzeko eta errepublika bat ezartzeko eztabaida zabaltzeko eskaeren inguruan, Calvok erantzun du alderdi politikoek eskubidea dutela berria ez den eta "betidanik Espainiako politikan dagoen" gai baten inguruan beren jarrerak izateko.
Carmen Calvok ez du ezer esan nahi izan Gijongo Udalak Juan Carlos I.aren izena daraman kale bat kentzeko hartutako erabakiaren inguruan. "Udalen eskumeneko gaia da", gaineratu du.