Politika -
Bakearen dekalogoa
Udalerriek bizikidetza bultzatzea eskatu dute hainbat elkartek
33 euskal erakundek bizikidetzaren aldeko irizpideak jasotzen diren dekalogoa aurkeztu dute bakearen nazioarteko egunean. Idatzi hori udalerri, alderdi eta erakunde desberdinetan zabalduko dute.
Erredakzioa
Udalerriak "justizian eta bakean oinarritutako elkarbizitza bultzatzeko" eremu izan daitezela eskatu du gaur Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren elkarteen foroak. Hausnarketa hori "Elkarbizitzarako udalerriak" izeneko dokumentuan oinarrituta dago, foroa osatzen duten 33 elkartek hori lantzen jardun dute azken hilabeteetan eta bakearen nazioarteko eguna izaki aurkeztu dute gaur Bilbon.
Idatziaren aurkezpenean izan dira Odon Elorza Donostiako alkate ohia, Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate ohia, Joxean Rekondo Hernaniko alkate ohia, Maite Etxaniz Zarautzko alkate ohia eta Julia Madrazo Bilboko alkateorde ohia.
Idatzia dekalogo bat da, datozen egunetan erakunde, alderdi eta gizarte erakunde desberdinei banatuko zaie eztabaidatua izan dadin. Idatziaren arabera, udalerriek "askatasunean, justizian eta bakean oinarritutako elkarbizitza bultzatzeko eremu izan behar dute" eta "indarkeriaren kultura indargabetzeko ekimenak" sortzeko beharra azpimarratzen du.
Gorka Ruiz Santana Foroko presidenteak azpimarratu duenez, urte luzetako indarkeriak egun batetik bestera ahaztu ezin daitezkeen sentimenduak zabaldu ditu euskal gizartean, baina etorkizuneko belaunaldiek lor dezaten oinarriak jartzea beharrezkoa dela azaldu du.