Politika -
Polemika
Biktimek apaldurik sentitzeko arrazoirik ez dutela uste du Garitanok
Abuztuan esandakoarengatik beheraturik sentitzeko "arrazoirik ez" dute biktimek, Gipuzkoako ahaldun nagusiaren hitzetan. "Errespetu berezia zor diegu Kataluniako biktimei", esan zuen.
Erredakzioa
Abuztuan esandakoarengatik beheraturik sentitzeko "arrazoirik ez" dute biktimek, Martin Garitano (Bildu) Gipuzkoako ahaldun nagusiaren hitzetan. "Errespetu berezia zor diegu Kataluniako biktimei", esan zuen Garitanok iragan abuztuan.
Markel Olano EAJko eta Juan Carlos Cano PPko batzarkideek Garitanori adierazpen horien inguruan galdetu diote gaur Batzar Nagusietan. Era berean, Segiko ustezko 17 gazteei Aldundian egindako harrera hizpide izan dute batzarkideek.
Olano eta Cano "lintxamendu kanpaina" bat egiten ari direla salatu du ahaldun nagusiak hitza hartu duenean. Katalunian egindako adierazpenak "manipulatu" dituztela esan du Garitanok.
Garitanoren hitzetan, Batzar Nagusietan bere agerraldia eskatuta EAJk eta PPk "ez dute zintzo jokatu, interes politiko zehatz batzuen mesedetan baizik".
Erantzuna
Garitanoren "lintxamendurik egin ez" duela adierazi du Olanok, jeltzaleek "azalpenak" eskatu dituzte soilik. Ondorioz, ahaldun nagusiaren kexak "erabat bidegabeak" direla erantsi du EAJko batzarkideak.
ETAren desagerpena ahaldun nagusi gisa eskatzeko eskatu dio Garitanori Juan Carlos Canok. Bilduri "inoren babesik gabe politika egiten uzteko" eskatu dio ahaldun nagusiari.