Politika -

NAFARROAKO GOBERNUA

Chivite: 'Nafarroako koalizio gobernua indarberritu egin du COVID-19aren krisiak'

Azken hilabeteotan "burua altxatu gabe" lanean aritu diren Gobernuko kide guztien eta osasun-profesionalen lana txalotu eta eskertu du Nafarroako presidenteak.

Maria Chivite, Nafarroako presidentea, gaur. Argazkia: EFE.
Maria Chivite, Nafarroako presidentea, gaur.
Maria Chivite: 'Pandemiak indartu egin gaitu'

1:25

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemiak Foru Erkidegoa ere gogor astindu duen arren, baikor agertu da Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea, eta bere agintaldiaren lehen urtebetearen balantze "positiboa" egin du. Bere hitzetan, COVID-19ak ekarri duen krisiari erantzuten asmatu du koalizio gobernuak, "talde-lan izugarriari esker". Hala, PSNk, Podemosek eta Geroa Baik iazko uztailean izenpetutako gobernu akordioa "indarberritu" egin dela pandemia honekin esan du.

Nafarroako presidente kargua hartu zuenetik urtebetera, legealdiaren aurreneko hilabeteen balantzea egin du Chivitek, gaur goizean. "Ezberdinek osatzen dute gobernuaren balioan" jarri du azpimarra, "elkar-ulertze horri esker bakarrik egingo baitu aurrera Nafarroak". Akordioak "zentralitate politikoan" kokatzearen garrantzia ere nabarmendu du, eta Foru Gobernua osatzen duten kide guztien harreman pertsonalak zein politikoak sendotu egin dituela koronabirusaren krisiak adierazi du.

Hilabete "gogor" hauetan "burua altxatu gabe" lanean aritu diren Gobernuko kide guztien eta osasun-profesionalen lana txalotu eta eskertu du buruzagi sozialistak. Itxaropen mezua igorri die guztiei, Nafarroak krisi honi ondo egingo diola aurre ziurtatua.

Koalizio gobernuak eratu zenean zuen akordioetarako "borondateari" eusten jakin duela lehen urtebete honetan esan du Chivitek, eta horri esker krisi ekonomikoari, sozialari eta osasun mailakoari erantzun "sendoa" eman zaiola uste du.

Aurrera begira Nafarroako Gobernuak dituen erronken artean, bestalde, "berrikuntza, digitalizazioa, trantsizio ekologikoa, jasangarritasuna, eta, noski, berdintasuna" aipatu ditu.

Pandemia betean, Nafarroa krisiari aurre egiteko "ondo kokatuta" dagoela ere azpimarratu du, horretarako "zorpetzea" beharrezkoa izago bada ere. Krisiaren aurretik abian zituzten proiektuei eutsiko dietela, eta berriak martxan jarriko dituztela adierazi du. Bide horretan, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Plana aipatu du.

"Finean, akordio anitzak lortzeko hasi genuen bideak ez du atzera bueltarik", gaineratu du, orain urtebete ekindako bideari eutsiko diotela argi utziz.

Espainiako Gobernuarekin eta Nafarroa osoko tokiko erakundeekin izandako lankidetza bideak ere aipatu ditu Chivitek bere agerraldian, emaitzak oso onak izan direlako.

"Murrizketarik ez"

"Ezjakintasuna" da, Nafarroako presidentearen aburuz, krisi honek utzi duen "ondorio ilunenetako bat". "Irakaspen asko ere utzi dizkigu, baina ezjakintasuna handia da".

Zailtasunak zailtasun, ez du murrizketarik aurreikusten Chivitek, eta "beldurrik ez izateko" esan die herritarrei. Hori bai, arauak eta aholkuak kontuan izateko esan du Foru Erkidegoko buruak.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua María Chivite Koronabirusa