Politika -
Bakearen Aldeko Koordinakundea
Edonolako biktimak, Bakearen Aldeko Koordinakundeko jardunaldietan
EAEko hiru hiriburuetan antolatu dituzten ekitaldietan, segurtasun indarren jarduera "desegokien" biktima izan direnen inguruan ariko dira aurten.
Erredakzioa
Terrorismoaren biktimen inguruko presentzia mantentzeaz gain, aurten "gaur egun beharrezkoak diren bi gaien inguruko eztabaidak irekiko ditugu" adierazi dute Bakearen Aldeko Koordinakundeko bozeramaileek Bilbon egin duten agerraldian. Segurtasun indarren jarduera "desegokien" biktimak batetik, eta egungo indarkeriaren biktimak bestetik.
"Beste biktima hauen inguruko eztabaida", Donostian egingo da jardunaldien lehen egunean. Koordinakundearentzat, "eztabaida hau beharrezko pausoa da. Terrorismoaren mina onartzea ezinbestekoa dela diogun bezala, beharrezko da polizia ezberdinen jarduera desegokien biktimen sufrimendua ezagutzea". "Biktima hauek ETAko kide direla uste dute askok; beste min horri gure elkartasuna adieraztea ulertezina egingo zaie" esan dute Bakearen Aldeko Koordinakundeko bozeramaileek. Andrés Krakenberger, Espainiako Amnistia Internacionaleko zuzendari ohiak emango duen hitzaldi batean, "biktima horien gehiengoak ETArekin edo beste talde terroristekin ezer gutxi ikusteko dutela argi geldituko da", adierazi dute.
Testigantzen eguna Gasteizen egingo da. "Mujeres en construcción" filma eskainiko da, bi zuzendariren, Maite Ibañezen eta Begoña Atinen hitzaldiekin.
Jardunaldiei amaiera emateko, irailaren 29an, Bilbon, Jose Maria Ruiz Soroa eta Xabier Etxeberriak biktimen papera zein den bi ikuspegi ezberdinetatik aztertuko dituze. Justizia biktimek eskatu behar duten edo eskakizun hori gizartearen lana den, besteak beste.