Politika -
Elkarrizketa ETBn
Goirizelaiak 'oso urduri eta asaldatuta' ikusten du Urkullu
ETAko presoen kolektiboak Gernikako Akordioarekin bat egin izana "oso garrantzitsua" dela iritzi dio eta Estatuari eta alderdi politikoei "pasibotasunetik irten" eta "pausoak" emateko eskatu die.
Erredakzioa
Jone Goirizelaia ezker abertzaleko ordezkariaren iritzian, EAJko EBBko presidentea, Iñigo Urkullu, "oso asaldatuta" dago, EAJk "zentraltasuna galdu du", eta "EAJk prozesuaren aurrean batere konpromisorik ez izateak bakarrik geratzea" ekarri dio.
ETBn egindako elkarrizketa batean Goirizelaiak adierazi duenez, Urkulluk Alderdi Egunean egindako adierazpenek ez dute harritu. Bere ustez jeltzaleen burua oso "urduri eta asaldatuta" egon zen. "EAJri gertatu zaiona bideratzen saiatu zela uste dut. EAJk zentraltasuna galdu du gauden unean hartutako jarrera pasiboagatik, ez du proposamenik aurkeztu eta prozesuarekiko konpromiso ezak alboratuta utzi du", adierazi du.
Goirizelaiaren ustez, "ez da bidezkoa" EBBko presidenteak "ezker abertzalearen ekintzak hauteskundekeriatzat jotzea, berak bere alderdiaren interesak kontuan izan gabe ez duela ezer egin ikusita".
Estatuari pausoak emateko eskatu dio
Jone Goirizelaiaren iritziz, ETAko presoen kolektiboak Gernikako Akordioarekin bat-egin izana "oso garrantzitsua" da, horrek itunaren "bide orria" indartzen duela azpimarratu du eta bere ustez, "Estatuak eman behar ditu orain pausoak".
Goirizelaiak adierazi du gainerako alderdiek eta erakundeek ezker abertzaleari eta ETAri exijitzen dizkiotela pausoak eta "nik ez ditut beraiek pausoak ematen ikusten", Horregatik, Estatuari eta alderdi politikoei "pasibotasunetik irten eta lanean hasteko" eskatu die.