Politika -
Altsasu auzia
Dozenaka pertsonak babesa adierazi diote Getxon Unai Etxebarria futbolariari
Atezainak "adierazpen askatasunaren alde" bildutakoei eskerrak eman dizkie. Granadak Etxebarria kanporatu du, futbolariak Altsasuko gazteen aldeko elastiko bat erakutsi ostean.
EITB.EUS
Altsasuko gazteei babesa erakusteko kamiseta bat jantzi ondoren Granada futbol taldeak kanporatutako Unai Etxebarria atezainari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute Algortan (Getxo, Bizkaia).
200 bat pertsonak babesa adierazi diote Getxoko atezainari udalerriko San Nikolas plazan, Gu Ere Bai euskal selekzioen aldeko taldeak deituta, eta "adierazpen askatasunaren kontrako auzia" salatu dute.
Patxi Gaztelumendik plataformako bozeramaileak Granada futbol taldeak bere iritzia erakusteagatik bota duela salatu du eta futbolariaren "adierazpen askatasuna eskubide gisa aldarrikatu eta, bestetik, elkartasuna" adierazi dio, "berarekin egin dutena guztiz deitoragarria delako".
Elkarretaratzean Unai Etxebarriaren koadrilakoak ere izan dira. Jon Ander Aranburu lagunak Euskadi Irratian esan duenez, "azkenean kalean bota izana injustizia bat da".
Klubak eta futbolariak kontratua eteteko akordioa lortu zutenetik, Granadak ez du adierazpenik egin.
Unai Etxebarriak, ordea, eskerrak eman dizkie Getxon elkartutako pertsonei "adierazpen askatasuna" babesteagatik.
Europa Ligarako sailkatu zireneko ospakizunetan jantzi zuen Etxebarriak kamiseta."Altsasukoak aske! Stop montajes policiales" idatzirik ageri zen bertan, bi guardia zibilekin taberna batean liskar bat izan zuten Altsasuko zortzi gazte auzipetuei babesa ematen diena.
Argazkia azkar zabaldu zen sare sozialen bidez, eta Vox alderdi ultraeskuindarrak Etxebarria zigortzea eskatu zuen. Azkenean, Granada futbol taldeak Etxebarria kanporatzea erabaki du.
Galderak Espainiako Kongresuan eta Senatuan
Auzi horren harira, galdera luzatu dio EAJk Espainiako Gobernuari Kongresuan eta Gero Baik Senatuan. Granada Futbol Taldearen jokabidea argitzeko eskatu dute bi alderdiek, jakiteko futbolarekin bakarrik zerikusia duen gaia den ala adierazpen askatasunaren aurkako balizko eraso bat.