Politika -
Gune osoa ekarri nahi du onera
Gipuzkoako Aldundiak Pasaiako kanpoko portua egitea errefusatu du
Gainera, Zubieta auzoko (Donostia) errausketa-instalazioa egitea (lanak hasita daude dagoeneko) baztertu egin du, "orain planteatuta dagoen moduan behintzat".
Erredakzioa
Juan Carlos Alduntzin Ingurumen eta Lurralde Antolakuntza diputatuak (Bildu) adierazi duenez, Foru Aldundia ez dago Pasaiako kanpoko portua egitearen alde, eta proiektu hori bertan behera utzi eta gune osoa onera ekartzen "benetan" lanean aritu behar dela esan du.
Aurreko Gobernuak planifikatutako Pasaiako kanpoko portua eraikitzeko proiektuari buruz, Bilduren Gobernua kontra dagoela azaldu du diputatuak, "arrazoi askorengatik", halere Pasaiako portua "beharrezkoa" dela nabarmendu du, baina "Gipuzkoako ekonomiara eta ez beste asmo batzuetara zuzendutako jarduerekin".
Alduntzin Pasaiako alkate ohiak Pasaialdeko gune osoa bere onera ekartzearen alde egin du, eta hori "ez dadila portura bakarrik mugatu", gaineratu du; gai hori, haren ustez, "ezin da atzeratu".
Bilduk errausketa-instalazioa egitea alboratu du, "orain planteatuta dagoen moduan" behintzat
Juan Carlos Alduntzin Ingurumen eta Lurralde Antolakuntza diputatuak adierazi duenez, Bilduren Foru Aldundiak errausketa-instalazioa egitea baztertu du, "orain planteatuta dagoen moduan" behintzat.
Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketen osoko planari eta 2008an onartutako garapeneko dokumentuari buruz duen jarrera azaldu du Alduntzinek. Bi horiektan, hainbat azpiegitura egitea aztertzen dute, besteak beste, Zubieta auzoko (Donostia) errausketa-instalazioa (obrak dagoeneko hasita daude).
"Gobernu honek oso argi du aurreko legealdian eman zuten irtenbidea ez dela egokia", adierazi du Alduntzinek, eta Mankomunitateen, Udalen, Hondakinen Partzuergoaren eta Batzar Nagusien arteko "eztabaida" proposatu du, oraingo errealitateko datuak aztertzeko, azpiegiturak planifikatzean zeudenekin aldea dagoelako.
Alduntzinek azaldu duenez, Gipuzkoako hiriko hondakinen kudeaketen osoko planak aurreikusitako zabor kantitatea baino % 16 gutxiago sortzen da, eta, gainera, "zaborra jasotzeko moduetan aurrerakuntzak egin dituzte". Horrek "hasieran pentsatutako irtenbidearen parametroak aldatzera eramango gaitu", gaineratu du.