Politika -

Espainiako Gobernua

Sanchezek akordio proposamenak luzatu ditu, baina mesfidati erantzun dio oposizioak

Espainiako Gobernuko presidenteak hitzeman du legealdia "zabala eta egonkorra" izango dela, eta guztion parte-hartzea eskatu du egoerari buelta emateko.

Pedro Sanchez, Espainiako presidentea. Argazkia: EFE
Sanchezek akordio proposamenak luzatu ditu, baina mesfidati erantzun dio oposizioak
Pedro Sanchez, Espainiako presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak batasuna aldarrikatuz eta oposizioari akordioa bilatzeko proposamena eginez hasi du ikasturte politikoa. Oposizioa, berriz, mesfidati agertu da, eta 2021eko Aurrekontuak ez dituela babestuko eta elkarrizketarako baldintzak jarriko dituela erantzun dio.

Asteazken honetan, Pablo Casado PPko buruzagiarekin hasiko du aurrekontuen harira abiatuko duen bilera-sorta Sanchezek. Aurretik, baina, hitzaldia eman du legealdi "zabala eta egonkorra" izango dela iragartzeko. Horretarako, eta egungo egoerari buelta emateko, guztion parte-hartzea eskatu du.

Gobernukideekin batera egindako agerraldian "alderdien arteko lehia" alboratzeko nahia erakutsi du, koronabirusari aurre egin eta ekonomia indartzeko unea dela iritzita.

"Aurrera egiteko aukera dugu; Espainiak nahi baldin badu, Espainiak ahal izango du, baina horretarako askoren nahia izan behar da", esan du. Aurrekontuen negoziazioari iskin eginda, ohartarazi du akordioak lortzeko oinarri parlamentarioa geroz eta handiagoa izan, orduan eta arinagoa izango dela susperraldia.

Gainera, azpimarratu du Espainiako Gobernuak abian jarri duen planari esker, ekonomia % 2tik gora haziko dela. Halere, ez du argitu noiz iritsiko diren emaitza horiek.

Jose Luis Martinez-Almeida Madrilgo alkatea, bere aldetik, PPren bozeramaile gisa aritu da gaur estreinakoz, eta Sanchezi erantzuteko egin ditu bere lehen adierazpenak. "Espainiak ahal du; kontua da Sanchezek ahal duen ala ez, bi urte eta erdian ez baita aurrekontuak onartzeko gai izan", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE PP Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak