Politika -

Memoria Historikoa

Martin Villa: "Ezinezkoa da Trantsizioan genozidiorik gertatu izana"

Ministro frankista ohiak Servini epailearen aurrean deklaratu du. 1976ko martxoaren 3ko sarraskian "akats larriak" egin zirela esan du, baina azpimarratu du Trantsizioan ez zela genozidiorik izan.

Rodolfo Martin Villa gaur Madrilen. Argazkia: EFE
Rodolfo Martin Villa gaur Madrilen.
Martin Villak Servini epailearen aurrean deklaratu du

1:47

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Martin Villa Espainiako Gobernuko ministro ohiak Maria Servini epaile argentinarraren aurrean deklaratu du, frankismoan izandako krimenen harira. Zehazki, bere agintaldian, 1976 eta 1978 bitartean, Poliziak egindako 12 hilketa leporatzen dizkiote.

Errugabea dela esan du, eta Espainiako Trantsizioan "ezinezkoa da genozidiorik gertatu izana", azpimarratu du. Akusazio hori "ikaragarria" dela erantsi du.

Argentinak Madrilen duen kontsulatuan egin dute saioa bideokonferentziaz, arratsaldean, eta lehen aldiz deklaratu du justiziaren aurrean goi-kargudun frankista batek. Deklarazioak bi orduko iraupena izan du.

EFE agentziak Martin Villaren defentsako iturriak aipatuta zabaldu duenez, Argentinako kereila oinarririk gabekoa dela esan du. "Neure burua defendatzera etorri naiz, errugabea naizelako, eta, batez ere, Trantsizioan genozidiorik gertatu izana ezinezkoa dela esatera nator", adierazi du.

1976ko martxoaren 3an Poliziak Gasteizen egindako sarraskiagatik –bost langile hil eta ehundik gora lagun zauritu zituzten– genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak leporatzen dizkiote. Halaber, 1978ko sanferminetan German Rodriguezen hilketa eta 1976ko eta 1977an beste sei lagunen heriotzak egozten dizkiote.    

Bere abokatuaren arabera, Martin Villak esan du Trantsizioa "genozidioaren aurkakoa" izan zela, 1977an hauteskundeak egin zirelako eta "preso politikoak kartzelatik atera zirelako eta erbesteratuak itzuli egin zirelako".

"Izan daiteke poliziek eta guardia zibilek heriotzaren bat eragin izana nire aginduak betetzerakoan. Baina ez zen horrela izan. Nire aginduak eta Gobernuarenak konprobatuz gero, poliziaren ekintzetan inor hiltzea ekiditea helburu genuela ikus daiteke", erantsi du.

"Trantsizioan ez zen plan sistematiko, orokor eta planifikaturik egon herritarrak beldurrarazteko eta hiltzeko", azpimarratu du.

"Akats larriak" Gasteizko sarraskian

1976ko martxoaren 3ko sarraskiari dagokionez, Martin Villak esan du berak polizia-operazioaren ostean esku hartu zuela eta indarkeria gehiago saihesteko asmoarekin egin zuela.

"Gasteizen akats larriak egin ziren eta polizia batzuek herritarren eskubideen kontrako jarrera izan zuten. Biktimen mina ulertzen dugu eta erreparazioa behar dute, baina beste kontu bat da Espainiako Trantsizioan genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak egon zirela onartzea", adierazi du.

1977ko Amnistiaren Aldeko Astean Poliziak hildako bost pertsonen kasuaren harira, ondokoa esan du: "Heriotza horiek ez ziren nahita pentsatutako plan baten ondorio izan".

German Rodriguezen hilketari buruz, berriz, ez du ezer argitu, Espainian ordurako "demokrazia" zegoela, Amnistia Legea onartuta zegoela eta Konstituzioari buruz Kongresuan adostasun batera iritsi zirela adierazi baitu.

Servinik hamar egun ditu erabaki bat hartzeko

Deklarazioa hartuta, orain Servini epaileak hamar eguneko epea dauka Martin Villa auzipetu ala ez erabakitzeko.

Argentinako legediaren arabera, hiru aukera daude: auzia artxibatzea; Martin Villa ikerketapean mantentzea, baina ez auzipetzea oraindik froga nahikorik ez duelako; edo ministro frankista ohia auzipetzea.

Bien bitartean, frankismoaren biktimak eta haien senideak pozik eta itxaropentsu agertu dira, "40 urte eta gero, ate bat ireki delako".

Horrez gain, Espainiako Gobernuko lau presidente ohik Martin Villa publikoki babestu izana gogor kritikatu dute, "justizian eragiten" saiatu direla iritzita. Presiorik ez onartzeko eta prozesu judizialarekin azkeneraino iristeko eskatu diote Servini epaileari.

Bestalde, gaur hainbat elkarretaratze izan dira Estatuan eta Euskal Herrian "inpunitatearekin amaitzeko" eta Martin Villa epaitzeko eskatuz.

BIDEOA | "Martin Villaren eta frankismoaren kontrako epaiketa" eskatu dute Iruñean 

"Martin Villaren eta frankismoaren kontrako epaiketa" eskatu dute Iruñean
"Martin Villaren eta frankismoaren kontrako epaiketa" eskatu dute Iruñean
"Martin Villaren eta frankismoaren kontrako epaiketa" eskatu dute Iruñean

0:58

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Maria Servini Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Martxoak 3 Frankismoa Argentina Memoria Historikoa