Politika -
Elkarrizketa ETBn
Ares: 'Presoen etorkizuna euren eskuetan dago'
Herrizaingo sailburuak uste du "ETAren desagerpena" aldarrikatu behar dutela "legean sartzeko".
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak esan du "presoen etorkizuna euren eskuetan" dagoela, Patxi Lopez lehendakariak atzo egin zuen proposamenaren harira.
Sailburuak ETBko 'Egunon Euskadi' saioan egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, lehendakariaren proposamena "hamar puntuak kontuan izan da ulertu behar da" eta presoak gerturatzeko "adostasuna" beharrezkoa izango da, eta bat egin behar du "ETAren amaiera" lortzeko bidearekin.
"Argi dago ez dela amnistiarik egongo, ETAren desagerpena eskatu behar dute eta gizarteratzearen aldeko apustua egin. Hori izango da haien egoeraren inguruan erabakiak hartzeko bidea, baina onartu beharra daukat aurrerapausoak eman dituztela", gaineratu du.
Herrizaingo sailburuak esan du lehendakariaren proposamena ez dutela Espainiako Gobernuarekin adostu eta "Euskadik askatasunarekin eta elkarbizitzarekin duen konpromisoagatik lehentasunezkoa" dela argitu du.
Era berean, proposamen elektoralista dela ukatu du, hori leporatu baitio PPk. Izan ere, PSE-EEk ez omen du sekula terrorismoaren kontrako borroka erabili hauteskundeetan emaitza hobeak lortzeko: "PPk, ordea, bai. Inoiz ez du baztertu terrorismoaren kontrako borroka erabiltzea".
PPk hauteskunde orokorrak irabaziz gero lehendakariaren proposamenak izango lukeen ibilbideaz galdetuta, Aresek ziurtatu du lehendakariaren proposamen "guztiak" eramango dituztela aurrera, "Eusko Jaurlaritzak datozen hilabeteetan egingo duen lanaren parte" izango baitira.
Nazioartearen ikuskaritza
Herrizaingo sailburuak berriro errefusatu du ETAren su-etena egiaztatzeko nazioarteko ikuskariak erabiltzea, hori "poliziek" egiten baitute. Era berean, "Amsterdamgo taldea" ez dela PSE-EErekin harremanetan jarri jakinarazi du.
Kukutza
Bilboko Kukutza Gaztetxearen inguruan sortu diren istiluei dagokienez, Aresek aitortu du proiektuak bazituela "gauza interesgarriak eta oso sartuta zegoen Errekalde auzoan", baina azpimarratu du ezin dela Kukutza "indarkeriarekin babestu". Herrizaingo sailburuak esan du istiluetan parte hartu zutenen artean "kale borrokaren nostalgikoak, gaizkileak eta antisistemak" zeudela.
Gainera, Ertzaintzaren lana azaltzeko urriaren 6an Eusko Legebiltzarrean agerraldia egingo duela gogorarazi du.