Politika -
POLEMIKA
Itxaso: "ETAko preso baten suizidioagatik atsekabea agertzea gizatasunaren isla da"
Sanchezen hitzek sortu duten polemikaren aurrean Itxasok esan duenez, alor horretan sua piztu dutenek "guztiz ahazten dute zigorrek birgizarteratzeko helburua dutela".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Denis Itxasok, esan du zigorra betetzen ari den preso batek bere buruaz beste egiteagatik enpatia eta atsekabea agertzeak gizatasuna erakusten duela. Igor Gonzalez Sola ETAko presoaren heriotzaren haritik esan ditu hitzok.
"Terroristengandik ezberdintzen gaituena, hain justu, bizitzari diogun estimua da", esan du Itxasok txio batean. Astearte honetan ETAko presoaren heriotzaren aurrean atsekabeturik zegoela esan zuen Pedro Sanchezek. Igor Gonzalez Sola hilik topatu zuten bere ziegan, Martutenen, joan den astean.
Sanchezen hitzek sortu duten polemikaren aurrean Itxasok esan duenez, alor horretan sua piztu dutenek "guztiz ahazten dute zigorrek birgizarteratzeko helburua dutela". Adierazpen horiek hautsak harrotu dituzte hainbat biktima elkartetan.