Politika -
GERTAKARIA
Gregorio Ordoñezen omenezko plakari eraso diote berriro Donostian
ETAk hil zuen zigotziaren omenezko plakari eraso egin diote, beste behin, asteburuan. Horren aurrean, Jose Luis Arrue Gipuzkoako Alderdi Popularreko presidenteak bere gaitzespena adierazi du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gregorio Ordoñez ETAk hil zuen zigotziaren omenezko plakari eraso egin diote, beste behin, asteburuan. Horren aurrean, Jose Luis Arrue Gipuzkoako Alderdi Popularreko presidenteak bere gaitzespena adierazi du eta "gizartearen zati bat gaixorik" eta "gorrotoz" beteta dagoela kexatu da.
Ohar baten bidez "ETAren burugabekeriaren ondorioz hildako pertsonak oroitzen ez uztea" eta "horrelako ekintzekin familiei min gehiago egitea" onartezina dela esan du Arruek, eta "biktimen familienganako errespetu falta" gaitzetsi du. "Ezberdin pentsatzen dutenekin tolerantzia eta gizatasun eza” erakusten dute ekintzok, haren aburuz.
Popularren Gipuzkoako presidentearen esanetan, "oraindik ere gizarte honetan aldamenez jarri eta gauzei behar bezala deitzera ausartzen ez direnak" daude, "hiltzaileak eta biktimak maila berean jartzen dituztenak".
"Askatasunean aurrera egin nahi duen demokrazia batean jokaera horiek onartezinak" direla salatu du. Horregatik, gaineratu du ezin daitekeela zurikeriatan ibili, are gutxiago Jaurlaritza. Gisa honetako ekintzen aurrean, baloreetan oinarritutako heziketa baten alde egiteko "konpromisoa eta babesa" eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari.
Azkenik, gogorarazi du, hau ez dela lehenengo erasoa izan, baina ez dutela inondik inora gertatutakoa "ahaztuko" eta "duintasunaren, memoriaren eta justiziaren alde" lanean jarraituko dutela, ETAko biktimei hori zor diela uste baitu.