Politika -
Protokolo instituzionala
Urkulluk "euskal autogobernua eguneratzeko" helburua helarazi dio Felipe VI.ari
Espainiako erregeak harrera egin dio lehendakariari legegintzaldi hasi berritan egin ohi duen legez. Pandemiaren kudeaketaz eta eskumenez hitz egin dute, besteak beste.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak Felipe VI.a erregeari gaur arratsaldean adierazi dionez, "orain euskal autogobernua eguneratzeko eta Estatu eredu berri batean aurrera egiteko helburua eta aukera dago".
Erregeak Iñigo Urkullu hartu du astearte honetan Zarzuela Jauregian, eta azken horrek "Euskadin akordio zabal bat eta Estatuarekin itun berri bat egiteko unea" dela helarazi dio. "Euskal Herriaren Eskubide Historikoak sinbolizatzen dituen harreman eredu berezi eta aldebikoaren modernizazioa hitzartzea da kontua, adostutakoa beteko dela bermatuko duen itun eta aldebikotasun sistema ezarriz", adierazi dio lehendakariak, Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.
Lehendakariaren arabera, helburua da "etorkizuneko akordio/itun politiko bat lortzea, Euskadiren errealitate nazionala eta euskal autogobernuaren berezitasuna aitortzeko, Estatuarekin aldebiko harremana izateko eta Euskadi Basque Countryren nazioarteko presentzia eta proiekzioa bultzatzeko".
Aipatu iturrien arabera, erregearekin legealdi berria hasten den unean egiten den bilera "kortesia instituzionalaren" esparruan kokatu behar da, eta "adeitasun" giroan egin da, bi ordu eta erdiz.
Lehendakariak pandemiaren egoeraren berri ere eman dio Felipe VI.ari, eta autogobernuaren eta euskal erakundeen "garrantzia" nabarmendu du egoera horri aurre egiteko orduan.
Horren harira, "ikasitako ikasgaietako" bat elkarlaneko gobernantza indartzeko beharra izan omen da, hau da, erantzukizunak "argiago" definituko dituen eta erakundeen arteko harremanak harmonizatuko dituen eredu bat.