Itxi

Politika

Memoria Demokratikoaren Legea

Frankismoan izandako berme gabeko epaiketak baliogabetuko ditu Espainiako gobernuak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Memoria demokratikoaren lege berriak hilerri zibil batean bihurtu nahi du Erorien Harana eta hobi komunetako gorpuzkiak berreskuratzeko baliabideak eman nahi dizkio estatu espainiarrari.

  • Carmen Calvo Espainiako Gobernuko lehen presidenteordea

    Carmen Calvo Espainiako Gobernuko lehen presidenteordea. Argazkia: EFE

Memoria demokratikoaren lege berriaren aurreproiektua onartu dute gaur Ministro Kontseiluan. Lege horren bidez, zenbait helburu lortu nahi dituzte: frankismoan izandako bermerik gabeko epaiketak erabat deuseztea, Erorien Harana hilerri zibil bat bihurtzea eta estatuak hobi komunetako gorpuzkiak berreskuratzeko baliabideak izatea.

Carmen Calvo Espainiako Gobernuko lehen presidenteordeak prentsaurreko batean azaldu du hezkuntza curriculumari gehitu nahi diotela memoria demokratikoa.

Bestalde, iragarri du DNA-banku bat sortu nahi dutela, hobi komunetan dauden gorpuzkiak identifikatzeko, eta Auzitegi Gorenean Fiskaltza berri bat eratu nahi dutela, errepresioaren eta diktaduraren biktima izan direnen eskubideak babesteko.

Calvok adierazi du arau berri horrek 2007ko memoria demokratikoaren legea berrituko duela. Halere, aurreratu du prozesua oso luzea izango dela, eta, horregatik, "lau urteko planak" adostuko dituzte, egitasmo horien bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko eta frankismoko biktimei lagundu ahal izateko.

Ildo horretan, diktaduraren biktima izan diren taldeetan jarriko dute arreta, dela ijitoetan, dela homosexualetan. Horretarako, zenbait elkarteren laguntza izango dute.

Presidenteordearen hitzetan, "premiazko" kontu bat da aipatutakoa, demokrazian behar-beharrezkoa baita gisa horretako lege bat edukitzea. Bide hori jarraituz, Espainiako demokrazia munduko aurreratuenekin parekatuko da, Calvoren aburuz.

Francisco Franco eta antzeko elkarteei dagokienez, aurreproiektuak dio ez direla diru publikoarekin finantzatutako fundazioak onartuko, baldin eta totalitarismoa edota ikur diktatorialak goratzen badituzte.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena