Politika -
Euskara
Euskaraz % 50 ikasten dutenek ez dute titulurik erakutsi beharko
Atzeraeraginezko izaera duen neurria izango da eta 2008ko apirilaren 18tik aurrera ikasketak bukatu dituztenei eragingo die.
Erredakzioa
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Lanbide Heziketako (LH) ikasgaien % 50 edo gehiago euskaraz ikasten dutenek ez dute hizkuntza titulurik erakutsi beharko. Atzeraeraginezko izaera duen neurria izango da gainera, 2008ko apirilaren 18az geroztik.
Gaur aurkeztu dute Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak eta Blanca Urgell Kulturakoak zirriborroa, eta Celaak esan duenez, Eusko Jaurlaritzaren asmoa dekretua urtea amaitu baino lehen onartzea da.
Titulurik ez aurkeztearen beharra egindako ikasketen araberakoa izango da.
Gaur argitu dutenez, batxilergoan edo lanbide hezkuntzan ikasgaien erdia euskaraz ikasten dutenek ez dute administrazioan euskara titulurik beharko euskara maila frogatzeko, eta automatikoki B2 hizkuntza maila izango dute, hezkuntzako PL1aren edo administrazio orokorraren 2. hizkuntza eskakizunaren baliokidea.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasgaien erdiak euskaraz egiten dituztenek B1 maila izango dute, administrazioko lehenengo hizkuntza eskakizunaren baliokidea, euskara ikasgaia gaindituta badute.
Neurri honek D ereduan ikasten duten ikasle guztiei eragingo die, baita B ereduan ikasgaien erdia baino gehiago euskaraz ikasten dutenei.
Gainera, gradu bukaerako lanak edota unibertsitate ikasketak batik bat euskarazegin dituztenek ez dute C1 mailako titulurik (EGAren, Hezkuntzako 2. HEren etaadministrazio orokorreko 3. hizkuntza eskakizunaren baliokidea) erakutsi beharko,eman egingo diete.
A ereduko (gazteleraz) ikasleei ez die dekretu honek eragingo, beraz, azterketetara aurkezten jarraitu beharko dute, administrazioetara sartzeko dagokien tituluak lortzeko edota irakaskuntza pribatuan eta homologatutako beste zentro batzuetan, besteak beste, euskaltegietan, klaseak emateko.