Politika -

BAKE PROZESUA

1.300 pertsona Baionako suprefekturan, Frantses Gobernuaren 'blokeo egoera' salatzeko

Mobilizazio eguna izan da Iparraldean, presoen eskubideen alde. Ekitaldi nagusia Baionako suprefeturaren atarian izan da. Jean Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak ere hartu du parte.

Bake Bideak deitutako protestaren irudia, ETBko bideo batetik hartuta.
Bake Bideak deitutako protestaren irudia, ETBko bideo batetik hartuta.
Bake prozesua "blokeatuta" dagoela salatu dute Ipar Euskal Herrian

1:40

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bake prozesua "arriskuan" dela eta, mobilizazio eguna antolatu du larunbat honetan Bake Bidea taldeak Ipar Euskal Herriko 22 herritan "30 urte aski da" lelopean. 11:00etatik 13:00etara herri mailako mobilizazioak garatu ostean, Baionan elkartu dira 1.300 lagun inguru, prefeturaren egoitzaren atarian. Bertan, horma eraiki dute adreiluz adreilu, presoen eskubideen defentsan aritzea une honetan horma baten kontra jotzea bezalakoa dela salatzeko, eta egoera iraultzeko eskatu dute.

Besteak beste, Jean Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak jarri du adreiluetako bat. Euskal presoentzat "heriotza zigorra berrezarri" duela Frantziak salatu du eta hori "onartezina" dela: "Desobedientzia ekintzan parte hartu dut, hori delako modu bakarra Emmanuel Macron presidenteak entzun gaitzan" adierazi du.

"Kezkatuta" daude Ipar Euskal Herriko bakegileak, bake prozesua "blokeatuta" ikusten dutelako. "Eraiki dugu pareta, Frantziak bake prozesuaren aurrean ezarri digun pareta, eraitsiko dugun pareta. Arriskuak hartzeko prest gara. Hastapena baizik ez da, azkeneraino joanen gara" adierazi du Anaiz Funosas Bake Bidea taldeko presidenteak.

Terrorismoaren aurkako legediak Frantzian izan duen garapenean izan den aldaketa da, Funosasen esanetan, bidean aurrera egiteko "oztopo nagusia". Fiskaltza berri bat sortu du Frantziako Gobernuak, Terrorismoaren aurkako Fiskaltza Nazionala, hain zuzen, eta azken urteotan "hainbat epailek ontzat eman dutena" ez du onartzen horrek, "lubakien aldeko apustua egin du eta mendekuaren ikuspegitik ari da garatzen bere prozedura". "Maluruski, harresi handi bat topatzen dugu hor; legearen aldetik posible dena, atzera botatzen du", azaldu du Funosasek.

Parte hartzaileei eskerrak eman eta irailaren 25ean Donibane Lohizunen elkartzera dei egin diete 'bakearen artisauek'. Izan ere, bezperan, irailaren 24an Frederic Haranburu Xistor presoaren baldintzapeko askatasun eskaera aztertuko dute berriz, eta Jakes Esnalek egindako eskaerari erantzungo diote.

Laster 30 urte egingo ditu espetxean Frederic Haranburuk eta Haranbururen kasua zein Ion Kepa Parot eta Jakes Esnalena (bizi arteko zigorra dute guztiek) hizpide izan dute azken hilabeteetan bakegintzan lanean ari den euskal ordezkariek Frantziako Justizia Ministerioarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iparraldea bideoak Presoak bideoak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Baionako albisteak Biarritz Maule argazkiak Donibane Garazi albisteak Hendaia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Jean-René Etchegaray albisteak Lapurdi