Politika -

Bilera Lehendakaritzan

Camachok dio ez dela 'presoen gerturatze orokorrik' izango

"Egoera honetara ekarri gaituen estrategiari" eustea adostu dute lehendakariak eta ministroak, baina irekita utzi dute "testuinguruaren arabera egokitzeko" aukera.

Lehendakariarekin bildu da Camacho

01:07

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Camacho Barne ministroak esan du Gobernuak ez duela aurreikusi "mugimendurik ez euskal presoen gerturatze orokorrik". Gainera, ETAri ohartarazi dio indarkeria utzi behar duela "Gobernuaren mugimenduen zain egon gabe".

Camachok agerraldia egin du Gasteizen Patxi Lopez lehendakariarekin, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuarekin eta Estatuaren Segurtasun Indarren EAEko ordezkariekin bildu ondoren.

Bi gobernuen iritziz terrorismoaren kontrako borroka, bakea lortzeko bidean, "momentu onean" dagoela esan du Camachok eta hori Guardia Zibilaren eta Poliziaren "lan ona"ri esker izan dela.

Ministroak kartzela-politika ere izan du hizpide eta argi adierazi du Gobernuak ez duela "ez mugimendurik ez euskal presoen gerturatze orokorrik" aurreikusten.

Nabarmendu duenaren arabera, zenbait esparru politikotan "ulertarazi nahi dute Gobernuak urratsak egin behar dituela eta guztia egingo dituen urratsen mende dagoela, eta hori ez da egia". Izan ere, "eman behar den pauso bakarra erakunde terroristaren eskuetan dago, hau da, indarkeria zentzugabea dela eta, demokrazian, metodo demokratikoen bitartez, edozein ideia sostenga daitekeela onartzean datzala".

Camachok aitortu du lehendakariarekin hitz egin duela Eusko Jaurlaritzako Politika Orokorreko Eztabaidan egin zuen proposamenari buruz, hau da, gizarteratzeko balio izanez gero, presoen hurbilketa gauzatzearen aldeko jarrerari buruz, eta hausnarketa horiek "garrantzitsuak" eta "funtsezkoak" direla esan du, euskal gizartearen ordezkari nagusiak egindakoak baitira.

Camacho eta Patxi Lopez lehendakaria bat etorri dira "indarkeriaren aroa amaitzear" dagoela-eta "esperantzarako garaia" dela pentsatzean.

Espainiako Gobernuak ohar batean azaldu duenez, lehendakariak eta ministroak terrorismoaren kontrako borrokan izan duten estrategiari "egoera honetara ekarri gaituen estrategiari" eustea adostu dute, baina irekita utzi dute "testuinguruaren arabera egokitzeko" aukera.

Ertzaintzaren eta Estatuko Segurtasun Indarren arteko koordinazioa indartzeko asmoa ere agertu dute biek, "antolatutako krimenei aurre egiteko eta emakumeen kontrako indarkeriaren biktimak babesteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea