Politika -
Gernikan
Patxi Lopez: 'Autogobernua ez da eskumenak pilatzen joatea'
Gobernu Kontseilua Gernikako Juntetxean bildU da 1936ko urriaren 7an lehenengo Jaurlaritza osatu zela oroitzeko.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak lehenengo Eusko Jaurlaritza omendu du eta autogobernuaren balioa nabarmendu du. Patxi Lopezen hitzetan, autogobernua "ez da eskumenak zatikatzea, elkarbizitzarako eredua da".
Lehendakariak lehenengo Eusko Jaurlaritzaren 75. urteurreneko ekitaldian esan ditu hitz horiek. Ospakizuna Gernikako Batzar Nagusietan egin dute eta bertan izan dira, besteak beste, Carlos Garaikoetxea eta Jose Antonio Ardanza lehendakari oihak, lehen Gobernuko kideen senitartekoak eta hainbat ordezkari politiko.
Juan Jose Ibarretxe aurreko lehendakaria falta izan da, Patxi Lopezek berak eman du bere faltaren berri Euskaditik kanpo dagoela azalduz.
Ekitaldian emandako hitzetan, autogobernuak "asmo identitarioei ez diela gustuko erantzunik emango" esan du lehendakariak, baina hala ere, "elkartasunerako eta elkarbizitzarako esparrua" ematen duela gaineratu du.
75 urteko historia
1936ko urriaren 7an osatu zen lehenengo "Behin behineko Eusko Jaurlaritza" hura izan zen Euskadiren eta autogobernuaren lehenengo adierazpide modernoa. Frankismoaren aurrean demokrazia babesten zuten alderdien akordioari esker sortu zen.
1936ko gerra hasi eta hiru hilabetera egin zuten bat lehenengo aldiz, Madrilgo Gorteetan Autonomia Estatutua onartzeko lehenengo eta sei egunera koalizio gobernu bat osatzeko. EAJk, PSOEk, EAE-ANVk, Izquierda Republicanak, Union Republikanak eta Alderdi Komunistak egin zuten bat.
Hiru politikari nagusik lortu zuten II. Errepublikan abertzaleen aldarrikapen nagusia zena egi bihurtzea: Indalecio Prieto ministro sozialistak, Manuel de Irujo diputatu jeltzaleak eta Jose Antonio Agirre lehenengo lehendakariak. 32 urterekin izendatu zuten lehendakari gaurko egunez duela 75 urte eta okupatu gabe zeuden udalerrietako alkate eta zinegotzi ia guztien babesa jaso zuen.
Lehenengo Jaurlaritza haren batez besteko adina 37 urtekoa zen eta hamaika kideetako 3k soilik zituzten 40 urte baino gehiago.
Abertzaleen, errepublikanoen, komunisten eta tradizionalisten batasun hark 8 hilabete iraun zuen. Aparteko egoera batean egin zen Estatutua eta 1933koa eta 1979koa baino mugatuagoa bazen ere, Jose Antonio Agirreren Jaurlaritzak Armada, moneta, unibertsitatea eta Ertzaintza izan zituen.
Euskal sistema demokratikoaren defentsak 7.000 hildako utzi zituen, 6.000 fusilatu, 45.000 preso eta 150.000 herbesteratu.
Eusko Jaurlaritza eredugarria izan zen Europa osoan askatasunaren defentsagatik eta gerra egoeran egin zuen giza kudeaketagatik.