Politika -

Ekimena

Sarek 650 mendi tontorretara igotzeko deia egin du larunbatean, presoak etxeratzeko

Sarek martxan jarritako Izan Bidea dinamikaren bandera Euskal Herriko mendi tontor ezagunenetan jarriko dute: 125 inguru Araban, 130 Bizkaian, 120 Gipuzkoan, 220 Nafarroan eta 60 Iparraldean.

Euskal Herriko 650 mendi ezagunenetara aldi berean igotzeko ekimena. Argazkia: Sare
Euskal Herriko 650 mendi ezagunenetara aldi berean igotzeko ekimena
Euskal Herriko 650 mendi ezagunenetara aldi berean igotzeko ekimena. Argazkia: Sare

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat honetan, urriak 3, Euskal Herriko 650 mendi ezagunenetara aldi berean igotzeko deia egin die Sare herritar sareak herritarrei, Izan Bidea dinamikaren baitan antolatutako ekimen batean.

Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak igoera hori prestatzeko lanen berri eman du, "Euskal Herriko mendietan marea urdin luze eta zabala" sortzeko asmoz. Hain zuzen ere, ekimenak preso eta iheslarien etxeratze prozesua abian jartzea du helburu, baita "bizikidetzarako zein bakerako bidea" babestea ere.

Tetsuinguru horretan, "ekitaldi garrantzitsu" honetan parte hartzeko asmoz dagoeneko izena eman duten herritar guztiei eskerrak eman dizkie Azkarragak. Bilbon egindako prentsaurrekoan nabarmendu duenez, "Sarek martxan jarritako Izan Bidea dinamikaren bandera Euskal Herriko mendi tontor ezagunenetan jarriko dugu: 125 inguru Araban, 130 Bizkaian, 120 Gipuzkoan, 220 Nafarroan eta 60 Iparraldean".

Azkarragak azaldu duenez, mendi igoera horiek guztiak goizez izango dira, eta herriek irteera horiek antolatu dituzten mendietan hainbat ekitaldi egingo dira, "betiere osasun agintariek ezarritako segurtasun irizpideak errespetatuz".

Halaber, gailur guztietatik argazkiak eta bideoak zabaltzeko eskatu dute; izan norbere edo taldeko sare sozialetan #650tontor , #IzanBidea eta igotako mendiaren izenaren traolak erabiliz; edota Sarek egun horretarako prestatu dituen telefono zenbakietara whatsappez argazkia edo bideoa eta igo den mendiaren izena bidaliz. Telefono zenbakiak herrialdeka banatu dira.

Azkarragak gogora ekarri duenez, Izan Bidea dinamikaren baitan antolatu dute ekimen hau, "preso eta iheslarien etxeratze prozesua abian jarri eta elkarbizitzarako eta bakerako bidea egin asmo duen dinamika zabal honen baitan, hain zuzen ere".

"Behin eta berriz esan dugu une garrantzitsu baten aurrean gaudela, batetik, Euskal Herri mailan inoizko adostasun maila handiena lortu dugulako salbuespeneko espetxe politikaren aldaketaren alde eta bestetik, bai Frantziako zein Espainiako Gobernuek aldaketa hori gauzatzearen aldeko borondatea adierazi dutelako. Ekintzei dagokionean ordea, oraindik ere, mugatuak izaten ari dira.

"Ezin dugu ukatu une garrantzitsu baten aurrean gaudela, eta hori aprobetxatzen jakin behar dugula", esan du Sareko bozeramaileak. Izan ere, "salbuespeneko espetxe politikaren aldaketaren alde" Euskal Herrian adostasun sozial, sindikal eta politiko handia lortu dela nabarmendu du.

Gainera, Espainiako eta Frantziako gobernuek "aldaketa hori egiteko borondate politikoa agertu dute". Dena dela, "ekintzei dagokionean oraindik ere mugatuak" izaten ari direla onartu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia Presoak Frantzia Euskal mendiak Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideak