Politika -
Memoria historikoa
Jaurlaritza: "Balorazio-batzordeak hasitako lana legitimatu du Konstituzionalak"
Eusko Jaurlaritzaren arabera, "albiste bikaina" da PPk uztailaren 28ko 12/2016 Legeari jarritako helegitearen inguruan Auzitegi Konstituzionalak emandako epaia.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du PPk polizia gehiegikerien euskal legearen aurka jarritako helegitea, EiTBk atzo aurreratu zuenez. Hala, Eusko Jaurlaritzaren arabera, epai horrek biktimen eskaerak aztertzeko ardura duen balorazio batzordearen lana "legitimatu eta bermatzen du".
Testuinguru horretan, Auzitegi Konstituzionalak bigarrenez babestu du 1978tik 1999ra bitartean EAEn emandako polizia gehiegikerien biktimei aitortza eta kalte-ordainak emateko Eusko Jaurlaritzak onartutako legea. Izan ere, atzera bota du PPko 50 senatarik baino gehiagok horren aurka aurkeztutako helegitea; uztailean, Ciudadanosek aurkeztu zuen beste helegite batekin egin zuen bezala, araudi horrek Konstituzioa urratzen ez zuela esan zuenean.
Ildo horretatik, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburua "pozik" agertu da gaur, epai horrek Balorazio Batzordean hasitako lana legitimatu eta bermatzen duelako, eta biktimei "bizitako bidegabekeria hein batean onbideratzeko aukera ematen dielako".
Orotara, hiru aldiz bildu da lantaldea irailean, eta beste sei bilera ditu aurreikusita jada urrirako. "Legealdi osora luzatuko den lan gogor eta arretatsua izango da”, esan du sailburuak, eta horrek "elkarbizitza plural eta demokratikoaren alde aurrera egitea" ahalbidetuko duela azpimarratu du.
Batzordeak 300 eskaera baino gehiago ditu jada mahai gainean, poliziaren indarkeriaren biktima izan direla diotenak, baina kopuru horrek gora egin dezake 2021eko abenduaren 21era arte, orduan amaitzen baita eskaerak aurkezteko epea.
Aurreko legealdian onartu zuten araua, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen abstentzioarekin eta PPren kontrako botoekin.