Politika -
Elkarrizketa
Zupiria: EH Bilduk eta Podemosek ez diote berdina eskatzen Sanchezi eta Jaurlaritzari
Jaurlaritzaren bozeramaileak ustez, eskolen auzian "baliabideak ez dira arazoa". Izan ere, Zupiriaren aburuz, pandemia garaian bermatu ezin den "segurtasuna" eskatzen ari dira ikasgeletan.
Radio Euskadi | Erredakzioa
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeramaileak esan du EAJ eta PSE-EE oposizioarekin akordioak lortzeko prest daude aurrekontuen gaian, baina kritiko azaldu da gai honetan EH Bilduk eta Podemosek duten jarreraren harira. Izan ere, horren ustez, "litekeena da EH Bildu eta Unidas Podemos ados jartzea Espainiako Aurrekontu Orokorrak adosteko. Sanchezi ez dizkiote Euskadin eskatzen dituzten gauza berak eskatzen, eta Nafarroan Chiviteri, ere ez".
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean hezkuntza arloan dagoen gatazkaz ere galdetu diote eledunari. Azaldu duenez, "baliabideak ez dira arazoa, baizik eta eguneroko erabakiak zelan moldatu aurrez aurreko hezkuntza bermatzeko". Zupiriak uste du erakundeei pandemia garaian bermatu ezin den "segurtasuna" eskatzen ari zaie ikasgeletan.
"Guk ez genekien zein egoeratan egongo ginen irailean, Parisko Udalak ere ez zekien zein izango zen testuingurua eta atzo bertan unibertsitateetan aurrez aurreko eskolak erdira murriztuko zituela iragarri zuen", arrazoitu du.
Zupiriaren iritzian, auzi honetan "proba-akatsa eredua erabili behar da, astez aste probatu beharko dugu, ikastetxez ikastetxe, herriz herriz, gutxienez ikasturte honetan, eta ziurrena, baita hurrengoan ere. Hori guztia denon konpromisoarekin egin behar da. Jaurlaritzak egin beharrekoa egingo du, ez die bere erantzukizunei muzin egingo, baina Jaurlaritzak ezin du dena bakarik egin. Hezkuntza komunitatearen kolaborazio eta konpromisoa behar da, hau da, sindikatuena ez ezik, baita ikastetxeena, zuzendaritzena, irakasleena eta familiena ere. Denak dira ezinbesteko ikasturte honetan aurrez aurreko hezkuntza normaltasunez garatu ahal izateko".
Koronabirusaren kudeaketari buruz, Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du "ahalegin serioa" egiten ari direla erakundeak eta gizartea "beharrezkoa dena baino gorabehera gutxiago edukitzeko eta erabakiak egoeraren arabera moldatzeko". Horren iritzian, "erne egon behar dugu, uneoro, hori da modu bakarra, eta birus hain kutsagarri honekin bizitzen ikasi behar dugu".
Azkenik, aurtengo Durangoko Azokaren inguruan galdetu diote Kultura sailburuari. Erantzun duenez, azoka egiteko "eredu egokia" topatu behar dute, baina garrantzitsuena "euskarazko liburu eta diskoak kontsumitzeko erakusleihoari eustea da".
Euskaraldiaren bigarren edizioaz, Zupiriak esan du "euskaraz hitz egiten ez dutenen konplizitatea" behar dela, "ulertu behar dute ariketa hau beharrezkoa dela", erantsi du.
____________________
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.