Politika -
AUZITEGI NAZIONALA
Aske gelditu dira Guardia Zibilak astelehenean atxilotutako hirurak
Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik igaro ostean, Ekhiñe Eizagirre, Kepa Arkauz eta Imanol Jaio aske gelditu dira.
EITB.EUS
Astelehenean Guardia Zibilak atxilotutako hiru euskal herritarrak, Ekhiñe Eizagirre, Kepa Arkauz eta Imanol Jaio, aske gelditu dira Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik igaro ostean, Berria egunkariak zabaldutako informazioaren arabera.
Guardia Zibilak astelehenean atxilotu zituen, Ertzaintzak 2019an Arraia-Maeztun (Araba) atzemandako ETAren zulo batekin lotura dutelakoan. Zulo horretan lehergaiak, tenporizadoreak eta detonagailuak atzeman zituzten iaz.
Eizagirre eta Arkauz 2013an atxilotu zituzten, lehenengoz, Frantzian, "Ezpala" komandoko kide zirelakoan. Lau urte geroago, baina, aske utzi zituzten biak. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, Jaio ere komando horretako kide zen.
Eizagirrek eta Arkauzek ezarri zizkieten zigorrak bete zituzten. Eizagirre 2017ko azaroan aske geratu zen, fidantzapean, Espainiaratua izan ostean. Urte bereko irailean aske utzi zuten Arkauz, espetxean lau urte igaro ondoren. Jaio, ostera, 2017an itzuli zen Abadiñora.