Politika -

Omenaldia

Begoña Urroz DRILek hil zuen 22 hilabeteko haurra omendu du Donostiak

"Barkamena posiblea" dela esan du ahizpak. 1960an jazo zen atentatua, baina 2011ra arte ez zioten erreparazioa eman.

Begoña Urrozen ahizpa, omenaldian. Argazkia: EFE
Begoña Urrozen ahizpa, omenaldian.
Begoña Urrozi omenaldia egin dio Donostiak

3:18

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak Begoña Urrozen omenezko plaka bat jarri du Easo plazan, Amarako tren geltokiaren ondoan, DRILek orain dela 60 urte bonba auto bat jarrita 22 hilabeteko haurra hil zuen tokian.

Ekitaldian Begoña Urrozen senideak izan dira, tartean bere ahizpa Begoña, baita auzokideak eta lagunak ere. Eneko Goia alkatea ere bertan izan da, Marisol Garmendia zinegotzi eta PSE-EEko bozeramailearekin eta Jorge Mota PPko zinegotziarekin batera. EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak ez dute ordezkaritzarik bidali.

Alkateak nabarmendu duenez, omenaldiarekin "modu bidegabe batean bizitza kendu zioten pertsona baten oroimena mantendu" nahi da. "Plaka honetan agertzen diren izen-abizenak pertsona bati dagozkio, eta hemendik igarotzen garen bakoitzean beraz oroituko gara", gehitu du.

Hori bera da plaka horren esanahia, baita "azken urteetan, tamalez, asko sufritu duen hiri batean" Udalak "jarritako eta jartzen jarraituko duen" gainerako plakena ere. 

Zenbait alderdi ekitaldian ez egoteari buruz, alkateak esan du ez dagoela ados "ez daudenek egiten duten interpretazioarekin". Halere, "haiei dagokie egitea, egin nahi badute", gehitzearekin batera, "errespetua" adierazi du.

Bere ahizparen esker ona

Begoña Urrozek, hildakoaren ahizpak, eskerrak eman dizkio Udalari. Esan duenez, "nire gurasoak oso eskertuta egongo lirateke omenaldi honekin". "Ez daude, hil egin ziren, baina badakit goitik ikusten ari direla", esan du.

Urroz ziur da: "Noski, barkamena posible da, bestela ezingo ginateke zoriontsu izan". Era berean, "dolua" egitea ere posible dela esan du, eta gogorarazi du hilketa hau "drama" bat izan zela, batez ere aitarentzat.

"Atentatu hau errekonozitua izan gabe hil zen aita, nor izan zen jakin gabe, omenaldirik gabe. Aita 2011n hil zen, eta horren ostean hasi ziren omenaldiak antolatzen. Espero dut goitik hau ikusten egotea, merezi du eta", esan du.

Begoña Urroz 22 hilabeterekin hil zuten, Amarako tren geltokian 1960ko ekainaren 27an jarritako bonba baten ondorioz. Eztandak eragindako erredurengatik hil zen egun batzuen ondoren, Perpetuo Socorro klinikan. DRILek (Askapenerako Iberiar Direktorio Iraultzailea) atentatua aldarrikatu zuen, baina urte batzuk geroago ETA atentatu horren egiletzat jotzen zuen ideia zabaldu zen, baita Barne Ministeriotik ere. DRILen egiletza baieztatuta geratu da historialarien ikerketei esker.

EH Bildu ez da omenaldian izan

EH Bilduko udal taldea, azken ekitaldietan bezala, ez da plaka jartzeko omenaldira joan, baina udaletxean familiari egindako harrera ekitaldian izan da.

Gainera, "bere gertutasun guztia" eta "errekonozimendua" helarazi dizkio "familiari, bizi zuten tragediagatik". "Bizitako giza dramaz gain, atentatuaren egiletzaren gaineko bertsio ofizial faltsu bat ere jasan dute, kontakizun politiko zehatz bat ezartzeko". "Kontakizunaren batailan erabilitako beste kasu bat", kritikatu du.

Koalizioak azaldu duenez, hasieratik "oso kritikoa izan da" omenaldietan plakak jartzea erabakitzeko prozesuarekin.

Salatu duenez, Gobernuak "EH Bildu prozesutik kanpo utzi du, informazioa ez emanez eta omenaldia egin behar den eguna eta omenduko den pertsona esatera mugatuz; hori dena hitzez".

"Hasieratik esan dugu beharrezkoa zela biktima guztiak zaintzea eta dutena baino min handiagoa eragingo ez zaiela ziurtatzea. Baina ekitaldi guztien zerrenda eta horiek antolatzeko arrazoia ezagutu gabe jarraitzen dugu: zer dela eta biktima batzuk ohore handiagorekin tratatzen diren eta beste batzuk kanpoan gelditzen diren", azpimarratu du.

Koalizioaren ustez, "dinamika hori ez dator bat hain beharrezkoa den elkarbizitza demokratikoa eraikitzearekin". Modu horretan, "mota guztietako indarkeriaren biktimek egia, justizia eta erreparazioa izateko duten eskubideari diogun errespetu absolututik", EH Bilduk uste du dinamika "goitik behera berrikusi" behar dela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika Donostia Gipuzkoa EAE albisteak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak