Politika -
Auzitegi Nazionala
ETAko kide bat espetxera bidali dute Aznarren kontrako atentatuagatik
Ignacio Iruretagoiena Lanzi behin-behineko espetxeraldia ezarri dio Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak. ETAko kidea atzo entregatu zuen Frantziak. Iruretagoiena 2007an atxilotu zuten.
Erredakzioa
Ignacio Iruretagoiena Lanz ETAko ustezko kideari behin-behineko espetxeraldia ezarri dio Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak. ETAko kidea atzo entregatu zuen Frantziak. Jose Maria Aznar Gobernuko presidente ohiaren aurka 2001eko EAEko hauteskunde-kanpainan atentatua egiteko konspiratzea egotzi diote Iruretagoienari.
Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, magistratua guardia egiten ari da aste honetan, baina ustezko terroristak astelehenean Fernando Grande-Marlaska epailearen aurrean deklaratu beharko du. Marlaska da auziaren arduradun.
Iruretagoiena Lanz 2007ko irailaren 1ean atxilotu zuten Cahorsen (Frantzia). Erakunde terroristako kide izatea, helburu terroristekin armak izatea eta hilketa bat burutzeko konspiratzea leporatzen diote.
ETAko ustezko kidea 1956ko irailaren 22an jaio zen Tolosan (Gipuzkoa). Lehergailuak prestatzeko aditua dela uste du Poliziak eta erakunde terroristak erabilitako zenbait lehergailu egitea egotzi diote.