Politika -
Fiskaltzaren memoria
Kale indarkeria erdira jaitsi da 2010ean EAEn
Juan Calparsoro Euskadiko fiskal nagusiak 2010 urteko fiskaltzaren memoria aurkeztu du Legebiltzarreko Justizia Batzordean.
Erredakzioa
Kale indarkeria ia erdira jaitsi da EAEn 2010 urtean, 2009an 75 eraso izan ziren eta 2010, berriz, 37.Juan Calparsoro Euskadiko fiskal nagusiak adierazi duenez.
Fiskal nagusiak Legebiltzarreko Justizia Batzordean aurkeztu du 2010eko fiskaltzaren memoria, jada joan den ekainean aurrerapen gisa datu batzuk eman zituen txostena.
Irekitako prozedura penalen kopurua % 4,85 jaitsi da. Denera 133.183 izan dira, eta Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban kriminalitateak behera egin du. Lehengo urtean Euskadin ez zela ETAren "atentaturik ezta hilketarik" egon azpimarratu du Calparsorok , nahiz eta "mehatxuak eta xantaiak" egon ziren. Kale indarkeriako erasoak 75 izatetik 37 izatera pasa dira 2010ean.
Torturak
Bestalde, EAk eginiko galdera bati erantzunda, 2010 urtean ETAko kideei eginiko torturen inguruan "epai garrantzitsu" bat egon zela esan du Calparsorok. Igor Portu eta Mattin Sarasola ETAko kideak torturatzeagatik, Gipuzkoako Auzitegi Probintzialak lau guardia zibil kondenatu zituela gogoratu du, egun Auzitegi Gorenean errekurtsoa aurkeztuta duen epaia.
Giza eskubideen Europako Auzitegiak joan den martxoan Espainia kondenatu zuela ere aipatu du; Aritz Beristainek salatutako tratu txarrak egoki ez ikertzeagatik kalte-ordainak eman beharko dizkio Beristaini.
Horregatik, Gipuzkoako Auzitegian egindakoa bezalako epaiketak "garrantzitsuak" direla aipatu du, "zorrotzak izan behar garelako" eta polizien ustezko torturen inguruko salaketak "bukaeraraino ikertu behar direlako".
Horrela, segurtasun neurrien zenbait kidek "zigorrik gabe" geldituko direla pentsatuta eduki dezaketen "tentazioaren arriskua" "saihesten" lagun dezake.