Politika -

Bake Konferentzia

ETAri indarkeria bertan behera uzteko eskatzea proposatu du PSEk

Ekintza terrorista guztiak bertan behera uzteko ETAri "argi eta garbi" exijitzeko eskaera egin die die Jesus Eguigurenek Donostiako Bake Konferentziaren partehartzaileei.

Eguiguren, Garitanori eskua ematen. Argazkia: EFE
Eguiguren, Garitanori eskua ematen. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inolako ordainik gabe ekintza terrorista guztiak bertan behera uzteko ETAri "argi eta garbi" exijitzeko eskatu die Jesus Eguiguren PSE-EEko presidenteak Donostiako Bake Konferentziaren partehartzaileei.

Halaber, erakunde demokratikoen, aniztasun politikoen eta nortasunen aniztasunaren defentsarako batasunaren eta euskal herritarren arteko elkartasunaren aldeko deia egin du, euskal gizartearen etorkizuna eraikitzeko eta elkarbizitza sendotzeko asmoz.

Eguigurenek azaldu duenez, PSEk ez du "orain arte demokraziaren aurka egin dutenak barneratzearen aukera" baztertzen. Honen esanetan, "bakea, askatasuna eta elkarbizitza lortzeko beharrezkoak diren ahalegin guztiak" egingo dituzte sozialistek eta gainera, terrorismoarekin amaitzen laguntzen duten ekimen guztietan izango da PSE.

"Egoera honetan gaude ez inork oparitu digulako, Zuzenbide Estatuaren irmotasunari, ekintza polizialari eta judizialari esker baizik", defendatu du Eguigurenek, "eta baita indarkeria terroristaren aurrean erakundeek eta espazio publikoek ez dutelako tolerantziarik erakutsi".

Euskal sozialisten presidentea Bake Konferentziaren partehartzaileei zuzendu da. "Konturatu zaretenez, hemen ez dago alanbre arantzadunik ezta Armadako patruilarik kaleetatik", esan die, "Euskadin ez da bi taldeen arteko gatazka armaturik egon, talde terrorista batek nahita egindako erasoa baizik".

Bere aburuz, garai terroristaren amaiera "egia, duintasun, memoria eta justizia" oinarritik abiatu behar da, "etorkizunera begiratzeko gure iraganari aurre egin behar diogu, iruzurrik eta ezkutatzerik gabe".

Halaber, duela gutxi lehendakariak Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran aurkeztutako askatasunaren eta elkarbizitzaren aldeko dekalogoa eman die Eguigurenek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea