Politika -
Etxebizitza
Datozen 15 urteetan alokairu eskaintza publikoa bikoiztu nahi du Arriolak
Etxebizitza sailburuak azaldu duenez, helburua alokairu eskaintza % 5ean kokatzea izango da, egungo % 2,5a bikoiztuz.
Agentziak | Erredakzioa
Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak "itun sozial" berri bat iragarri du Euskadin, datozen 15 urteetan alokairu eskaintza publikoa bikoizteko, hau da, beste 24.000 etxebizitza gehiago eskaintzeko, 1.600 urtean.
Babestutako etxebizitzaren parke publikoa areagotzeko baliabideak ekoizpen propioa eta hutsik dauden etxebizitzak izango dira Bizigune programaren bidez. 2017an 4.480 etxebizitza zituen Bizigunek, gaur 6.200 baino gehiago dira, % 38 gehiago, Arriolak nabarmendu duenez.
Sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, Sailaren ildo nagusiak azaltzeko. Arriolak esan duenez, helburua alokairu eskaintza % 5ean kokatzea izango da, egungo % 2,5a bikoiztuz.
Gainera, babes publiko iraunkorra duten etxebizitza kopurua % 10 izatea nahi du sailburuak, hau da, 120.000 inguru.
"Hutsik dauden etxebizitzentzako dekretua"
Bestalde, etxebizitza eskubide subjektiboaren inguruko araudia garatu nahi duela azaldu du sailburuak. Horretarako, "hutsik dauden etxebizitzentzako dekretua" argitaratzeko asmoa du, etxeek xede soziala betetzeko.
Horrela, gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzak bizitzeko egokiak ez direla erabakitzeko aukera izango dute udalek.
Etxegabetzeei dagokionez, azken urteetan “fede oneko” arrazoiengatik errenta ordaintzerik izan ez dutenak Eusko Jaurlaritzaren menpe dauden etxebizitzetatik bota ez dituztela gogorarazi du sailburuak, eta “horrela jarraituko dute”.