Itxi

Politika

Bake Konferentzia

Donostiako Bake Konferentziak eragindako erreakzioak

Erredakzioa

Nazioarteko adituei "entzuteko" exijitu dio EAJk ETAri. EAren ustez "argi" dago alde guztiek "pausoak" eman beharko dituztela.

01:30
Donostiako Bake Konferentzia: Erreakzioak

Jose Blanco Espainiako Gobernuko bozeramaileak esan du Zapateroren Gobernuak ez duela Donostiako Konferentziaren adierazpena baloratuko, eta ETAri "indarkeria besterik gabe eta behin betiko uzteko" exijitu dio.

Espainiako Gobernuak Konferentzian parte hartu ez duela gogoratu du Blancok eta, horregatik, ondorioak ez dituzte baloratuko. Hala ere, ETAri "indarkeria, besterik gabe, behin betiko uzteko" exijitu dio Blancok.


Patxi Lopez lehendakariaren ustez, alderdien mahai bat abian jartzea "Konferentziaren antolatzaileen mesederako ekimena izango litzateke", baina ez "euskal gizartearen mesederako"."ETAk bere bakardadea onartu egin behar du eta bere behin-betiko amaiera iragarri", esan du Estatu Batuetatik.


Gaurkoa, "itxaropentsu" egoteko eguna dela esan du Iñigo Urkullu EAJko presidenteak. Bere hitzetan, ETAk Donostiako Konferentziako nazioarteko parte-hartzaileek esandakoa "entzun beharko luke", hau da, "aurreneko urratsa ETAren behin-betiko amaiera" izan behar dela. "Behin-betiko amaieraren iragarpenak itxaropenaren leihoa zabaldu egingo du", gaineratu du.

Bileran parte hartu du Urkulluk. Adierazi duenez, nazioarteko adituek "mezu argi bat" eraman dute Donostiara: "Lehenengo pausoa ETAren behin-betiko desagerpenaren iragarpena izan behar dela adierazi dute".

ETAk nazioarteko adituen laguntza "eskatu" egiten zuela gogoratu du Urkulluk. "Euskal gizartearen eskaria entzuteaz gain, gaur esperientziadun pertsona horiei ere entzun behar die ETAk".


Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak esan du Donostiako Konferentziaren ondorioak "onartezinak" direla "edozein demokratarentzat".

Proposatutako bost puntuak "onartezinak" direla gaineratu du, gehien bat "biktimak eta hiltzaileak parean jartzen dituztelako" eta "talde terrorista Espainiako eta Frantziako Gobernuekin alderatu egiten duelako".

Bere hitzetan, adierazpenaren puntuak "ETAren eta Batasunaren tesia" besterik ez dira.

Pello Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari orokorraren hitzetan, Donostiako Konferentziak "argi" utzi du "alde guztiei pausoak" eskatu behar zaizkiela eta, "nola ez", ETAri behin betiko desagertzea exijitu behar zaiola.

ETAri "behin betiko desagertzeko prozesuaren amaierara" iristeko eskaria azpimarratu du Urizarrek.

Gogoratu duenez, Espainiako eta Frantziako Gobernuei "hitz egiteko" eta "gatazkaren ondorioak aztertzeko" eskatu diete nazioarteko adituek. "Gatazka politiko bat egon dela onartu behar dute eta alderdiek haien artean hitz egin behar dute".


Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak salatu du Donostiako Konferentziak adostutako adierazpenak "biktimak eta demokrazia" iraindu egiten dituela. Bere ustez, dokumentua "iruzur hutsa" besterik ez da.

Gaur egin duten Konferentzia, "gatazka politikoaren teoria bultzatzeko iruzurra" izan dela gaineratu du Maneirok.

"Euskal Herriaren izaera nazionala eta autodeterminazio eskubide legitimoa onartzen dituen akordio barneratzaile" bat lortzeko konpromisoa azaldu du ezker abertzaleak.

"Erantzukizun historiko eta politkoak bere egin ditu" ezker abertzaleak konferentzian, eta "fase politiko berriari aurre egiten lagunduko" duela erantsi du. "Etorkizunean bakea eta askatasuna lortzea" erronka da eta horretarako "gatazka politikoa behin betiko gainditu behar da", ezker abertzalearen hitzetan.

Ezker abertzaleak ez du ETA aipatu, baina "indarkeriak eta eskubideen urraketak gainditzeko agertokiak" aldarrikatu ditu, "irtenbide demokratikoen marko bat lortzeko".


Euskal gatazkaren konponbidea sendotzeko "bake agertokia indartzeko pausoak eman behar dituzte agente guztiek", Alternatibaren esanetan.

"Bidezko bake iraunkor" baten aldeko konpromisoa agertu du Oskar Matutek hitza hartu duenean. "Alde guztiek porrotik jaso ez duten prozesu batean parte hartu" dutela ulertzen badute bakea lortzerik badagoela gaineratu du Matutek.



Konferentzia ETAren proiektu politikoa "nazioartean legitimatzeko" eta babesteko antzezpena baino ez dela izan ohartarazi du Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT).

Komunikatu batean azaldu dutenez, Zuzenbidezko Estatuari eta demokraziari egin dieten "irainik handienetarikoa" izan da Konferentzia. Onartuko duten egiaztapen bakarra Estatuko segurtasun indarrek egindakoa izango dela ziurtatu dute.



LAB sindikatuaren ustez, Donostiako Konferentziak "modu erabakigarrian" bultzatu behar du "euskal gatazka behin betiko konponduko duen prozesua". "Konponduko duen prozesua dela esaten dugu, gaur bultzatzen ari garena ez delako beste saiakera bat".

Konferentzian aurkeztu duen dokumentuan, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari orokorrak esan du "alternatibarik ez duen bideari" ekin diotela. "Aukera bakarra dago: guztion artean eraikitzea euskal jendarteak behar duen eta eskatzen duen bake justu eta demokratikoa".

Donostiako Bake Konferentzia ETAk bere bukaera iragartzeko "agertokia" lortzeko balio izango duela espero du Unai Sordo CCOO sindikatuko idazkari orokorrak.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena