Politika -

Bake Konferentzia

Patxi Lopezen Bake Plana entregatu dio Eusko Jaurlaritzak Kofi Annani

Lehendakariak aurreko irailaren 29an ospatutako Politika Orokorreko Osoko Bilkuran aurkeztu zuen proposamenen dekalogoa.

Rodolfo Ares. EITB
Rodolfo Ares. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila Kofi Annan NBEko idazkari nagusi ohiarekin bildu da gaur Donostian. Bake eta elkarbizitza lortzeko Patxi Lopez lehendakariaren proposamenak entregatu dizkio Annani Aresek.

Gaur Donostian egindako Bake Konferentzian ez du parte hartu Eusko Jaurlaritzak, baina Kofi Annan bertan izan da.

Lehendakaritzako iturriek baieztatu dutenez, proposamenak entregatu dizkio Annani sailburuak Patxi Lopez lehendakariaren izenean. Lopez AEBetan dago, bidaia ofizialean.

Konferentziako antolatzaileek eskatuta bilera laburra egin dute, iturrien arabera.

Irailaren 29an, Eusko Legebiltzarrean egindako Politika Orokorreko eztabaidan proposamenen dekalogo bat aurkeztu zuen lehendakariak, "Askatasunarekin eta elkarbizitza demokratikoarekin konpromisoa" izenburupean.

"Elkarbizitzarako akordio handi bat" planteatu zuen lehendakariak, baina hamar premisa ezarri zituen horretarako, besteak beste, gertatutakoaren "egiazko kontakizuna" egitea, terrorismoaren biktimei ordain publikoa ematea, ETAren "baldintzarik eta ordainik gabeko" amaiera eta presoek erakunde terroristarekin behin betiko apurtzea.

Era berean, espetxe politika "malgu eta adostua" bideratzea proposatu zuen lehendakariak. Euskal presoak "pixkanaka" Euskaditik gertu dauden kartzeletara "hurbiltzea" eskatu zuen Lopezek, horrek birgizarteratzea erraztu dezakeelako. "Sistema demokratikoa onartzen eta legalitatea betetzen duten ideologia politiko guztiak legez aintzat hartzea", proposatu zuen lehendakariak.

Sistema demokratikoa "elkarbizitzarako bide bakarra" dela azpimarratu zuen buruzagiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea