Politika -
Donostiako Bake Konferentzia
ETAren iragarpenaren zain
Aieteko Adierazpenaren ostean, hainbat sektoretatik uste dute ETAk aste honetan bertan iragarriko duela indarkeriaren amaiera.
Erredakzioa
Donostiako Bake Konferentzian parte hartu duten nazioarteko adituek ETAren teilatuan utzi dute pilota. Izan ere, azken adierazpenean, indarkeriaren amaiera iragartzeko exijitu zioten, eta sektore askotatik uste dute iragarpena epe laburrean hel litekeela.
Nazioarteko hedabideek publikatu dute ETAren agiria aste honetan bertan iritsiko dela. Lehena The Guardia britainiarra izan zen, "negoziazioaren iturriak" aipatuta, baina ondoren Italiako eta Frantziako egunkariak etorri ziren, EAJko iturriak aipatuta.
Informazio horien arabera, ETAk indarkeriaren "behin betiko" amaiera iragarri, eta erabakia "atzeraezina" dela nabarmenduko du. "Erabakia hartuta dago eta aste honetan bertan iragarriko dute", gaineratu dute iturriek. Dena dela, badirudi erakunde terrorista ez dela desegingo oraingoz.
Poliziak ere uste du atzoko adierazpena "ETAren amaieraren ataria" dela, eta iragarpena "hurrengo egunetan" iritsiko dela, Segurtasun Indarren iturriak aipatuta Europa Pressek jakinarazi duenez.
Bien bitartean, Gobernu zentralak zuhurtzia agertu du. Jose Blanco Sustapen ministro eta Exekutiboko bozeramaileak esan du Gobernuak ez duela ETAren balizko agiri bati buruzko informaziorik. "Ez dakigu ezer eta ez dugu ezer espero", nabarmendu du, Ser irrati katean egindako adierazpenetan.
Askoren ustez, Donostiako Bake Konferentzia "aitzakia" izan da ETAk indarkeriaren amaiera iragartzeko, batik bat nazioarteko adituen ospea eta eragina kontuan hartuta.
Hedabideen eta adituen artean ez dago zalantzarik, hurrengo mugimendua ETAk egin beharko du. Ahalik eta lasterren.