Politika -
Elkarretaratzea
VCT biktimen elkarteak 'herri-matxinada' deitu du
Terrorismoaren aurkako Ahotsak biktimen elkarteak elkarretaratzea deitu du Madrilen datorren urriaren 29rako "terrorismoaren zigorgabetasuna saihesteko eta Gobernuak ETAri egindako kontzesioen aurka".
Erredakzioa
Terrorismoaren aurkako Ahotsak (VCT) biktimen elkarteak 'herri-matxinada' deitu du Madrilgo Dominikar Errepublika enparantzan datorren urriaren 29rako "Gobernuak ETAri egindako kontzesioen aurka manifestatzeko eta terrorismoaren zigorgabetasuna saihesteko".
"Zigorbetasunaren aurrean, justizia" lelopean, Francisco Jose Alcaraz VCT elkartearen presidenteak elkarretaratzea iragarri du astearte honetan, Donostiako Bake Konferentzia eta Aieteko Adierazpena izan denetik egun bakarra igaro ostean.
Alcarazen ustetan, Konferentzia "irain bat eta arbuio bat" izan da, "Gobernuaren eta ETAren arteko negoziazioaren antzezpena", alegia. Honen esanetan, nazioarteko bitartekarien partehartzea "mespretxu bat" izan da, "Espainia ETAren zaintzapeko askatasunaren menpean utzi nahi dutelako".
Gainera, Aieteko Adierazpenaren ondorioak salatu ditu, biktimak eta urkatzaileak maila berean jartzeak "irain bat" suposatzen duelako. Alcarazek azpimarratu duenez, "terroristek euren helburuei eusten diete, oraindik Espainia apurtzaren alde egiten dutelako".
Hori dela eta, biktimen elkarte honen presidenteak biktimei, herritarrei eta alderdi politikoei elkarretaratzera etortzeko deia luzatu die, "argi eta garbi gure izenean Gobernuari ezetz esateko eta justizia exijitzeko".