Politika -

ALARMA EGOERA

Martxoaren 9an alarma-egoera berrikustea proposatu dio Sanchezek Casadori

Herritarrek ez dutela danbadaka ibili nahi erantzun dio Casadok Sanchezi, eta gobernuburuak "Parlamentuari iskin egin nahi" diola berretsi du, baina eskua luzatu dio berriro akordioa lortzeko.

Pedro Sanchez, gaur goizeko Kongresuko kontrol saioan. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez, gaur goizeko Kongresuko kontrol saioan.
Pedro Sanchez, gaur goizeko Kongresuko kontrol saioan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak alarma-egoerari babesa emateko eskatu dio Pablo Casado PPko buruzagiari, Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluak lau hilabeteren buruan, martxoaren 9an, egoerak hala eskatzen badu, bertan behera uzteko proposamenarekin.

Herritarrek "ez dute danbadaka ibili nahi" azpimarratuz erantzun dio Casadok Sanchezen proposamenari, eta gobernuburuak "Parlamentuari iskin egin nahi" diola esan du. Dena dela, eskua luzatu dio berriro akordioa lortzeko. "Niregatik ez da izango", gaineratu du.

Gorteek alarma-egoera 2021eko maiatzaren 9ra arte luzatzea eztabaidatu baino egun bat lehenago egin dio Pedro Sanchezek proposamen hori PPko buruari Kongresuko kontrol saioan. Presidenteak azaldu duenez, Lurralde arteko Kontseiluak martxoaren 9an egingo du lehen berrikuspena.

Organo horrek alarma beharrezkoa ez dela erabakitzen badu, Gobernuak erabakia berrikusiko du. Lurralde arteko Kontseiluak beste bi hilabete behar direla esanez gero, Gobernuak maiatzaren 9ra arte eutsiko liokela azaldu du.

"Espainiako Gobernua batasunaren alde dago, eta horrek entzutea eta eskua luzatzea esan nahi du", adierazi du Sanchezek Casadori luzapenaren alde egiteko proposamena azaldu aurretik.

Casadok "zuzentzeko eta umila izateko" eskatu dio Sanchezi

"Zuzentzeko eta umila izateko" eta "erradikalekin itunak alde batera uzteko" eskatu dio PPko buruzagiak Sanchezi.

Casadok adierazi duenez, nahiz eta Gobernuak duela egun gutxi egoera egonkor bati buruz hitz egin, Sanchezek sei hilabeteko alarma egoera bultzatu du, "zuzenbide-estatuak gainditzen duen kontrol parlamentariorik eta judizialik gabe".

Pablo Casadoren hitzetan, bere alderdiak "ez dio alarmari muzin egin", eta alarma bi hilabetez babestu zuen, zifrak munduko "txarrenak" zirenean. Orain, ordea, plan ekonomiko eta sanitarioak proposatu ditu, baina, batez ere, "B plan juridikoa" babestu du alarmara jo behar ez izateko.

Plan juridiko hori proposatzen sei hilabete daramatzatela gogorarazi ostean, Casadok berriro eskatu dio Sanchezi alarma-egoeraren luzapena zortzi astekoa izan dadila; horen ustez epe horrek, "dauden hiru zubietan mugikortasuna saihestuko luke eta Gabonak salbatuko lituzke".

Sanchezek, bere aldetik, oposizio estrategian behin eta berriro "akatsak" egiten ari dela leporatu dio PPri. Casadok alarma-egoeraren tresna konstituzionala "iraindu" eta "diktadura konstituzionaltzat" jo izana kritikatu du. "Diktadura edo Konstituzioa da, Casado jauna", gaineratu du.

Casadori egindako proposamena berretsi du Sanchezek, eta alarma horri babes zabala ematea espero du, koronabirusaren aurka borrokatzeko tresnarik onena delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PSOE Albisteak Alderdi Popularra Espainia Pedro Sánchez bideoak Eguneko albisteak Albisteak Pablo Casado Blanco Koronabirus-agerraldiak Zer egin daiteke Euskadin?