Politika -
Elkarrizketa ETB-2n
Eguigurenek barkamena eskatu dio lehendakariari
"Bere buruarekin haserre" dagoela adierazi du PSEko presidenteak. "Lehendakariarekin bidegabe jokatu dut eta horrek min ematen dit", erantsi du Eguigurenek.
Erredakzioa
Jesus Eguiguren PSEko presidentea Patxi Lopez lehendakariari barkamena eskatu dio, 'El Periodico de Catalunya' egunkarian egindako adierazpenengatik.
ETB-2ko Plato 2.0 saioan egindako elkarrizketan, "bere buruarekin haserre" dagoela adierazi du PSEko presidenteak. "Lehendakariarekin bidegabe jokatu dut eta horrek min ematen dit", erantsi du Eguigurenek. "Patxi Lopez ahal duen guztia egiten ari da", gaineratu du.
ETAren komunikatu posible batek indarkeria behin betiko iragartzeko aukeraz galdetu diote Eguigureni. "Komunikatua gertu" dagoela uste du agintari sozialistak. "Amaieratik hurbil gaude, baina ez da egun batetik bestera gertatuko, horregatik ez gara obsesionatu behar", azpimarratu du.
Donostiako bake konferentziarekin "atzeraezinezko behin betiko lerroa zeharkatzen ari gara, intuizio bat da", Eguigurenen ahotan.
Basagoiti
Saio berean egindako elkarrizketan, "ETAren baldintzarik gabeko desagerpena" eskatu du Antonio Basagoiti PPko presidenteak. Hori gertatzen baldin bada "eragindako kalte eta atsekabea konpontzea eskatuko diegu ondoren", erantsi du.
Bestalde, Aieteko Jauregian egindako konferentziaz galdetu diote Basagoitiri. Bake konferentzia "Amaiurren aldeko hauteskunde-kanpaina ekitaldia" izan zela salatu du PPko buruzagiak.