Politika -

Polemika

Lemoako bikarioa kargutik kendu dute ETAren inguruko iritzia eman ondoren

“Ez zen terrorismoa, errepresioari erantzuna baizik”, eta “bandoen arteko gerra” bat, ziurtatu zuen parrokoak. “Zoritxarreko adierazpenengatik” gutun batean barkamena eskatu du erretoreak dagoeneko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lemoako (Bizkaia) bikarioa kargutik kendu dute, Iñaki Artetaren Bajo el silencio dokumentalean ETAren inguruan egindako adierazpenengatik. “Ez zen terrorismoa, errepresioari erantzuna baizik”, eta “bandoen arteko gerra” bat, ziurtatu zuen parrokoak elkarrizketan.

Bilboko Elizbarrutiak jakitera eman duenez, Mario Iceta Bilboko gotzainak erretorearen gutun bat jaso du. Bikarioak barkamena eskatu du, eta bere aginduetara jarri da.

Horrela, Gotzainen Kontseiluak ezohiko bilera egin du larunbat honetan. Ondoren, Bilboko gotzaina eta Joseba Segura gotzainaren ondokoa abadearekin bildu dira. Kargutik kendu behar zutela jakinarazi diote.

Era berean, apaizak atzo igorritako gutuna argitaratzea erabaki dute. Emandako iritziengatik damutu eta “barkamena zintzo” eskatzen du bikarioak.

“Zoritxarreko adierazpenengatik” damutzen da parrokoa gutunean, sentitzen duena egoki azaldu ez zuelako, ezta Elizbarrutiaren iritzia ere.

“Nire adierazpenek iraindu eta min eman dieten biktimei eta pertsona guztiei barkamen eskatzen diet bene-benetan. Nire ibilbidean zehar bakearen eta elkarbizitzaren aldeko ekimenak babestu ditut Elizbarrutian, eta egiten jarraitu nahi dut”, erantsi duenez. Era berean, bere jokabidearen ondorioak onartuko dituela dio bikarioak.

Sare sozialen bidez, abadearen hitzak “onartezinak eta biktimentzako eta gizarte osoarentzako iraingarriak dira”, salatu du Fernando Buesa Fundazioak. Horregatik, “ETAren terrorismoari zilegitasun etiko, sozial eta politikoa kentzeko, atsedenik gabe memorian sakontzeko lanean jarraitzea”, eskatu du Fundazioak.

Era berean, Lemoako parrokoaren adierazpenekin haserre agertu da Covite biktimen elkartea. Coviteren ahotan, “Euskal Herriko Elizaren sektore zabalek ETA babestu eta justifikatu dute”.

“Zoritxarrez, ETA bizikide izan duen euskal abade bakarra ez da izan, asko izan direlako”, kritikatu du biktimen elkarteak.

Azkenik, Dignidad y Justicia elkarteak elizgizonaren aurkako kereila aurkeztu du Auzitegi Nazionalean, ETAren terrorismoa justifikatzea eta biktimak umiliatzea egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak ETA Telebista publikoa Euskal Herriko telebista Eguneko albisteak Albisteak Lemoa Terrorismoaren Biktimak Eliza Katolikoa albisteak