Politika -

ETAren adierazpena

Patxi Lopez: 'Euskal gizartearen ametsa egia bihurtu da'

Lehendakariak esan du ETAk "porrota aitortu" duela "amaierara heldu baita helbururik bete gabe". Lehendakariak prentsaurrekoa emango du bihar 13:00ean Gasteizen.

Patxi Lopez lehendakaria, artxiboko irudian. Argazkia: Efe
Patxi Lopez lehendakaria, artxiboko irudian.
ETAren agiria: Patxi Lopez lehendakariaren adierazpenak

00:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak adierazi du "euskal gizartearen ametsa egi bihurtu" dela gaur ETAk jarduera armatua behin betiko utzi duela iragarrita.

Lehendakaria bidaia ofiziala egiten ari da AEBetan zehar eta New Yorken egin ditu adierazpenok, Eusko Jaurlaritzak zabaldu duenez.

Patxi Lopezek begi onez jo du ETAren erabakia, jarduera armatua behin betiko utzi izana, eta jarrera horrekin "porrota aitortu" duela esan du, "helbururik bete gabe heldu baita amaierara".

Lehendakariak azpimarratu du bakea "askatasunari uko egin nahi izan ez dieten milaka euskal herritarren erresistentziari esker" lortu dela, baita "Zuzenbidezko Estatuaren sendotasunari, epaileen eta poliziaren lanari eta indarkeria justifikatzen zutenen aurrean tolerantziarik izan ez dutenei" esker.

"Euskal gizarteak sufritu egin du, mina pilatu du, eutsi egin du hortzak estuturik, baina inoiz ez du etsi eta altxatu egin da askatasunaren ametsa lortzeko. Gaur egia bihurtu da ametsa", azpimarratu du.

Lehendakariak adierazi duenez, "indarkeriari babesa eman eta onartu dutenek ez gaituzte nahastuko: ez digute oparirik egin. Kontrakoa baizik, askatasuna eta elkarbizitza ostu digute 30 urtez" eta "ez diegu ezer zor, nahikoa ordaindu dugu, beraz, ez diegu ezer emango".

Adierazpenean, lehendakariak biktima guztiak izan ditu gogoan eta haien memoria "etorkizunaren eraikuntzan erreferentzia" izango dela hitz eman du eta eskerrak eman dizkie "azken urteotan Euskadin demokrazia eutsi dutenei".

"Garai berria hasi da Euskadin. Gure herrian aro terrorista gainditzeko garaia izango da. Batasunerako eta adostasunerako dugun aukera da. Euskal gizarte osoaren elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko garaia da", gaineratu du.

Horren harira, "batasunerako eta esperantzarako" deia egin du, izan ere, "denbora asko generaman honen zain, min eta sufrimendu handia pairatu dugu, baina terrorismoa garaitu dugu eta elkarrekin eraiki behar dugu orain elkarbizitza. Gure ardura da eta ez dugu huts egingo".

Lehendakaria gaur bertan itzuliko da New Yorketik eta aparteko Gobernu Bilera deitu du biharko, eta prentsaurrekoa emango du 13:00ean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea