Politika -
Erreakzioak: Sinn Fein
Espainiako Gobernuari elkarrizketak hasteko eskatu dio Gerry Adamsek
Sinn Fein alderdiko liderrak komunikatua pozik hartu du eta 'gatazkaren ondorioak bakarrik' heltzeko esan die Espainiako eta Frantziako gobernuei.
Sinn Fein alderdiko liderrak, Gerry Adamsek, ETAk jarduera armatua behin betiko uzteko hartutako 'erabakia' ospatu du eta Espainiako eta Frantziako gobernuei 'gatazkaren ondorioak bakarrik' heltzeko eskatu die.
'Joan den astelehenen Donostian egindako adierazpenari ETAk emandako erantzun erabakagarria eta positiboa ospatzen dut', esan du buruzagi errepublikanoak Donostian terrorismoaren amaieraren inguruko konferentziaren gainean egindako komunikatuan.
'Gure deliberazioen ondorioz, Nazioarteko Taldeko kideok Europako azken borroka armatuari amaiera ematea posible zela ikusi genuen', adierazi du Sinn Fein Irlandako Armada Errepublikanoaren beso politikoaren liderrak.
'ETAri jarduera armatu guztiak behin betiko utziko dituela dioen adierazpena egiteko, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei gatazkaren ondorioei bakarrik helduko dien elkarrizketa hasteko eskatu genien', ekarri du gogora.
Bere ustez, ETAren agiriak 'baldintza' guztiak betetzen ditu. Talde armatuak emandako 'pausoa' ospatzera gonbidatu ditu aipatutako Gobernuak.
Irlandako bake prozesuaren esperientzian oinarrituta, Adamsek aurreratu du 'hurrengo pausoak adiskidetzea bultzatzea, biktimen auziari heltzea eta zauri pertsonal eta sozialak ixteko ahalegin serioak egin direla aitortzea' izan behar dutela.
Horren ildotik, 'prozesuan konfiantza eraikitzeko' hizpide hartu behar diren 'beste arazo' batzuk ere badaudela azaldu du.
Horien artean 'presoen arazoa, inguruaren desmilitarizazioa eta alderdi politiko demokratiko guztiei eskubide guztiak maila berean aitortzea' jarri ditu adibidetzat.
Batasuna oraindik legez kanpo dagoela eta “Arnaldo Otegi eta, nire ustez, guztiz konprometituta dauden beste lider batzuk” oraindik preso daudela ekarri du gogora.