Politika -
ETAren adierazpena
Ezker abertzalearekin ere hitz egingo duela iragarri du lehendakariak
Patxi Lopezek aurreratu du indar politiko "guztiekin" hitz egingo duela, "elkarrizketa aro berria" abiatzeko. Gaur ezohiko Gobernu bilera batean izango da, eta ondoren agerraldi publikoa egingo du.
Erredakzioa
ETAk indarkeria behin betiko utzi duela iragarri eta egun batera, Patxi Lopez lehendakariak ohartarazi du "40 urteko terrorismoa" ezin dela bukatu "ordu batzuetan", eta beraz, "indar politiko guztiekin", ezker abertzalearekin barne, hitz egingo duela iragarri du, Euskadin "elkarrizketa aro berria" abiatzeko.
Ser irrati-katean egindako elkarrizketa batean, Lopezek esan du iritzi ugari izango direla, baina "lasai" hitz egin beharra dagoela. "Zuhurtzia izan behar dugu. 40 urteko terrorismoa ezin da bukatu ordu batzuetan. Lasai hitz egin behar dugu terrorismoaren amaiera ekarriko duten erabakiak hartzeko", esan du. Bizkartzainak kentzeko unea den galdetu diotenean, lehendakariak erantzun du ez dutela hartuko erabakirik "bero-beroan". "Gauzak egin ditzagun atzeraezinak izan daitezen", nabarmendu du.
Biktimen paperari dagokionez, Lopezek "memoria" egin beharra dagoela azpimarratu du, "erreferente" izan behar baitira beti. "40 urteko terrorismoaren ostean, orain aurkakoa egin behar dugu, tolerantzia eta errespetua".
Lopezen esanetan, ETAk ez du ezer lortu, "malko asko eta hiletak baino ez". "Mina eta sufrimendua baino ez ditu lortu".
Horrenbestez, alderdi politikoei erantzukizuna eskatu die: "Gertatutakoa oroimenean gorde behar dugu, horma bat eraiki eta berriz gerta ez dadin", amaitu du.
Gaur, ezohiko Gobernu bilera
ETAren iragarpenaren berri izan eta gero, Gasteizko Gobernuko burua AEBetatik itzuli zen, eta gaur, 12:00etan, ezohiko Gobernu bilera batean izango da.
Ondoren, 13:00etan, agerraldi publikoa egingo du.