Politika -
Erreakzioak
Tony Blairrek demokrazia ETAri gailendu zaiola azpimarratu du
Erresuma Batuko lehen ministro ohiak "ETAk nazioarteko liderrek Donostian egindako eskaerei positiboki" erantzun diola adierazi du ohar batean eta "terrorismoaren kanpaina amaitu" dela erantsi du.
Erredakzioa
Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiak poztasun handiarekin jaso du ETAk jarduera armatua amaitu izana eta demokrazia gailendu dela azpimarratu du.
1997 eta 2007a bitartean Gobernu Laboristaren buru izan zenak espainiar hiritarrak goraipatu ditu "terrorismoaren kanpainak beldurtzen ez dutelako utzi. Garaile bakarra demokrazia izan da".
Halaber, Blairrek Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearen irmotasuna azpimarratu du, baita Alfredo Perez Rubalcabarena eta gainerako alderdi politikoena ere indarkeriaren amaiera lortzeko ez dutelako ordain politikorik onartu, baina ETAri bakerako eskua luzatu diela erantsi du.
"ETAk positiboki erantzun dio nazioarteko liderrek Donostian egindako eskaerei jarduera armatua behin betiko uzteko hartu duen erabakiarekin. Terrorismoaren kanpaina amaitu da", esan du Blairrek.
Ohar horretan, prozesuan ezin direla indarkeriaren biktimak eta familiak ahaztu gaineratu du.
"Espainiako hauteskundeen ondoren Gobernu berri batek gatazkaren ondorioak aztertuko beharko ditu. Espainian Bakea lortzea Europar Batasunarentzat eta nazioartearentzat beharrezkoa da eta gure babesa eskaini behar diogu Espainiari esfortzu horretan. Ni, ahal dudan guztian, laguntzeko prest nago", esan du.