Politika -

Bilera-sorta

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek laguntzak eskatu dituzte sektore kaltetuentzat

Maddalen Iriarte eta Miren Gorrotxategi lehendakariarekin bildu dira nor bere aldetik eta neurri murriztaileak ezartzeaz gainera, sektore kaltetuenei laguntzak eman behar zaizkiela azpimarratu dute.

Iñigo Urkullu eta Maddalen Iriarte. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu eta Maddalen Iriarte.
EH Bilduk 123 neurri jasotzen dituen txostena helerazi dio lehendakariari

1:03

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak uste du larunbat honetan indarrean sartuko diren neurri murriztaileak beharrezkoak direla pandemiari aurre egiteko, baina ezinbestekotzat jo du aldi berean sektore kaltetuenentzako laguntzak bideratzea.

Iriarte Iñigo Urkullurekin batzartu da gaur goizean, lehendakariak oposizioko taldeekin egin duen bilera-sortaren baitan. Hurrengo bilera lau hilabete barru egitea aurreikusi du lehendakariak.

Batzarra amaituta, Iriartek esan du neurri murriztaileen berri komunikabideen bidez jaso zuela eta ondoren bidali zizkiola lehendakariak. Eusko Jaurlaritzaren eta EH Bilduren arteko harremanak "askoz arinagoa" izan behar duela adierazi du. "Neurri horiek zergatik erabaki diren eta nola ezarriko diren jakin behar dugu", erantsi du.

Gauzak horrela, neurri egokiak diren esateko informazio nahikorik ez duela deitoratu du, baina, edonola ere, "ezinbestekoak direla uste dugu, duela 15 egun hartutakoak nahikoa izan ez direlako".

Ildo horretan, neurri murriztaile berriak "berandu" iritsi direla kritikatu du. "Nafarroan neurri horiek duela 15 egun hartu zituzten. Eraginkorrak izan daitezela desio dut", gaineratu du.

Horrez gain, neurri murriztaileekin batera sektore kaltetuei laguntzeko neurriak martxan jarri behar direla funtsezkoa dela esan du, baina Eusko Jaurlaritzak "estrategiarik ez" duela salatu du, neurri murriztaileak indarrean jarri ahala laguntzak bideratu beharko lituzkeela iritzita.

Gobernuaren komunikazio faltari dagokionez, Iriartek lehendakariari esan du egoerak honek ez duela horrela jarraitu eta bere kexa ulertzen duela erantzun dio.

"Koronabirusa herri osoaren arazoa da, herri gisa erantzun behar dugu, eta ez Gobernua eta oposizioa bezala", azpimarratu du. Horrela, bada, alderdi politiko guztiak eta eragile ezberdinak bilduko dituen mahai bat osatzeko proposamena helarazi dio enegarrenez Iriartek lehendakariari.

Elkarrekin Podemosek ere laguntzak eskatu ditu

Aurretik, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailearekin bildu da lehendakaria. Gorrotxategik ere Jaurlaritzak iragarritako neurriak babestu ditu, baina kaltetuei laguntzea eskatu du, tartean ostalaritzari zuzeneko diru-laguntzak emanda.

Elkarlanerako borondatea agertu dio Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak lehendakariari. Nahiz eta EAEko Aldizkari Ofizialak gaur argitaratutako dekretuak gai “zailak” jaso, pandemiak “behartzen” duela kontziente da Gorrotxategi, “irizpide zientifiko eta osasunean oinarrituriko” neurri murriztaileak direlako.

"Laguntzeko prest gaude"

“Babestuko ditugu eta modu eraginkorrean aurrera eramateko lagunduko dugu. Laguntzeko prest gaude”, esan du Gorrotxategik. 19 neurri biltzen dituen agiri bat eman dio lehendakariari, koalizioaren hitzetan, neurri murriztaileekin batera aplikatu beharrekoak.

Zentzu horretan, babes ekonomiko eta sozialeko neurrien aplikazioa defendatu du, besteak beste, ostalaritzari zuzeneko diru-laguntzak ematea, zergen ordainketa zatitzea edo atzeratzea, baita taberna zein jatetxeen alokairuak ere.

Era berean, herritarren “gutxieneko” baldintza material “duinak” bermatzeko pausoak ematea proposatu du Gorrotxategik; biztanleria psikologikoki artatzeko baliabideak, indarkeria matxistaren biktimak artatzeko, etxegabetzeak bertan behera uztea eta, oro har, diru-laguntza “nahikoak” langile, enpresa txiki eta ertain eta autonomoentzako.

Bestalde, Euskadiren Berreraikuntzarako Mahai bat martxan jartzea planteatu dute dokumentuan. Alderdiek, eragile sozialek, sindikatuek eta akademikoek parte hartuko lukete, pandemiaren bilakaerari lotuta sortzen diren beharrizanak eta egoera aztertzeko.

“Oposizio arduratsua gara, eta neurriak proposatzen ditugu”, azpimarratu du.

Elkarrekin Podemosek neurri murriztaile berriak babesten ditu
Elkarrekin Podemosek neurri murriztaile berriak babesten ditu
Elkarrekin Podemosek neurri murriztaile berriak babesten ditu

1:08
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Osasun albisteak Jatetxeak Tabernak Koronabirusa Miren Gorrotxategi Alarma egoera